Zornotzako Musika Bandak ‘Oihartzunak’ denboraldia estreinatuko du gaur
MUGA AMOREBIETA-ETXANO
Zornotzako Musika Bandak 2026-2027ko kontzertu-denboraldia abiatuko du gaur eta bihar, azaroak 20 eta 21, «Taupaden oihartzunak» ikuskizunarekin. Ekainera bitartean bost kontzertu eskainiko ditu, tradizioa, sorkuntza garaikidea eta bertako musikarien talentua uztartuz.

Ainhoa Salterain eta Aritz Labrador.
«Oihartzunak» izenburupean, musika-denboraldi berriak iragana eta oraina lotuko ditu, soinu, oroitzapen eta bizipen partekatuen bidez. Zornotzako Musika Bandak antolatu du egitaraua, Amorebieta-Etxanoko Udalaren laguntzarekin, eta artista gonbidatuak, herriko musika-taldeak eta Zubiaur Musika Eskolako ikasleak bilduko ditu.
Lehen hitzordua gaur eta bihar izango da, «Taupaden oihartzunak» proposamenarekin. Perkusioari eskainitako kontzertuak Odaiko Percussion Group galiziar taldea izango du lagun, musika herrikoia, erritmo etnikoak eta lengoaia garaikideak uztartzeko.
Hurrengo kontzertua abenduaren 19an izango da. «Sustraien aztarnak» izenburupean, bandak Seiren talde zornotzarrarekin joko du. Jokin Lacallek eta Onintze Garciak osatutako taldearekin egindako elkarlanaren bidez, herrian bertan sortutako proposamen sinfonikoa aurkeztuko dute.
HIRUGARREN HITZORDUA
Hirugarren hitzordua «Haizezko durundia» izango da, haize-instrumentuen errepertorioari eskainia. David Abellán Bilboko Udal Musika Bandako bonbardino-jotzailea izango da bakarlari gonbidatua, Satoshi Yagisawa konpositore japoniarraren bonbardino-kontzertu bat interpretatzeko.
Maiatzaren 8an, berriz, «Iraganaren hotsak» kontzertuak Ruper Lekue konpositore eta Zubiaur Musika Eskolako zuzendari ohiaren ibilbidea omenduko du. Bandak Lekueren obrei eskainitako programa monografikoa interpretatuko du, musika-eskolako ikasleen parte-hartzearekin.
Denboraldia ekainaren 19an amaituko da, «Etorkizunaren haizeak» kontzertuarekin. Haizetara kaleko musika jaialdiaren barruan egingo den emanaldiak gaur egungo kantak eta musikaren adierazpide berriak izango ditu ardatz.
Egitarau osoari eta denboraldiari buruzko informazio gehiago Zornotzako Musika Bandaren webgunean dago eskuragarri.







