Peiremans+ek, bestela ezin zitekeen legez, disko berria aurkeztu du Durangoko Palentinoan

MUGA DA!
Peiremans+ taldeak ‘Hirugarren mailan’ disko berria aurkeztu du gaur Durangoko Palentinoan. Ez da kasualitatea, lan berriak ‘Durangoko Palentinoan’ izeneko abestia ere baitakar. Power-pop doinuetako bost kantuz osatutako lan eder, jostalari, gozoa eta antifaxista da, aurreko diskotik hamar urtera heldu dena. Aurkezpenean, gainera, hirukote formatuan eta modu akustikoan jo dute Durangoko establezimenduari eskainitako abestia, sare sozialetan partekatutako irudietan ikus daitekeenez.

Txiki, Gora eta Imanol gaur Durangoko Palentinoan. PEIREMANS+
Bost abestiz osatutako lana da, baina lehen entzunaldian bertan gehiago entzuteko gogoa pizten du. Taldearen bereizgarri den begirada ironiko, kritiko eta jostaria mantentzen du, power-pop doinu melodiko eta indartsuen bidez. Oraingoan, gainera, urteek emandako eskarmentutik egiten dute, umore bihurria galdu gabe.
Taldeak jakinarazi du Halley Tour Bira birako emanaldi guztietarako sarrerak agortu direla. Euskal Herriko hainbat aretotan eskainiko dituzte kontzertuak azaroaren 28tik abenduaren 29ra bitartean. Durangaldean, oraingoz, Durangoko Azokaren baitan joko dute.
Hamar urte geroago…
Peiremans+ taldearen ibilbide diskografikoa hamar urteko tarteekin osatu da orain arte. 2005ean lehen diskoa argitaratu zuten, izen bera zuena, eta 2016an itzuli ziren ‘Only in Dreams’ lanarekin. Hamar urte geroago, beste bost abestirekin datoz, Only in Dreams zigiluarekin.

2026ko uztailean grabatu zuten diskoa, Paco Locoren El Puerto de Santa Maríako (Cadiz) estudioan. Taldea hirukote formatuan aritu da: Imanol Ubeda (ahotsa eta gitarra), Gorka Urbizu (baxua, gitarrak eta ahotsa) eta Haritz Beristain Txiki (bateria). Ekoizpen artistikoa Urbizuk eta Paco Locok egin dute; azken horrek gitarra eta perkusioa ere jo ditu ‘Erlikia’ kantuan.

Peiremans+. JOKIN FERNÁNDEZ
Diskoaren argitalpenak bi iritzi ere jasotzen ditu: Jaione Dragdrommer musika-kritikariarena eta Paco Loco musikari eta ekoizlearena. Azken horrek grabazio-prozesuaren giro ona eta hiru musikarien talentua nabarmendu ditu.
‘Hirugarren mailan’ biniloan eta CDan eskuratu ahal izango da, bi euskarriak produktu bakarrean bilduta.
Taldeak Durangoko Palentinoan kantua ere jo du gaur tabernan, formatu akustikoan eta hirukote gisa. Emanaldiaren bideoa esteka honetan ikus daiteke.







