Osteguna,
2026ko Azaroak19

MugaKultura

[location-weather id="91313"]

Mallabiako Izarok ‘Norena da denbora?’ argitaratu du, heriotzaz eta bizitzaz gogoeta egiteko

MUGA MALLABIA

Mallabian jaiotako eta Donostian bizi den artistak «Arkitektura» bosgarren diskoa abenduaren 4an kaleratuko du. Hamahiru abestiz osatutako lana aurkezteko bira urtarrilean hasiko du, Euskal Herriko zein nazioarteko hainbat agertokitan. Izarok «Norena da denbora?» abesti berria argitaratu du gaur, denboraren igarotzari eta heriotzari buruzko gogoeta proposatzen duen singlea. 

Mallabian jaiotako eta gaur egun Donostian bizi den artistak abenduaren 4an kaleratuko duen «Arkitektura» bosgarren diskoko abesti bat da.

Single berriarekin, Izarok diskoaren unibertsoaren inguruko xehetasun gehiago eman ditu. Orain arte, «Zorua» eta «La verdad» abestiak aurkeztu ditu. Lehenengoan, lurra zaintzeko beharra landu zuen, hitzaren esanahi bikoitzarekin jolastuz; bigarrenean, berriz, egia babestearen garrantzia aldarrikatu zuen.

Oraingoan, denboraren joana eta norberaren heriotzaren kontzientzia jarri ditu hausnarketaren erdigunean. «Egunero bizi gara, baina behin bakarrik hiltzen gara» ideiatik abiatuta, galdera hauek planteatzen ditu: iritsiko den unean jakingo al dugu hiltzen ari garela? Jakin nahi izango al dugu?

Izarok argi du baietz. Ez du nahi izatetik ez izatera igarotzea horretaz ohartu gabe. Horregatik, une hori iristen denean kontziente ez bada, jakinaraz diezaiotela eskatzen du. Bere heriotza bizi nahi du, une horretan ere presente egon. Artistaren hitzetan, heriotza norberarena da, bakarra eta sakratua, eta «garrantzitsuegia da».

Hausnarketa pertsonaletik harago, abestiak gizarte gisa heriotzari nola aurre egiten diogun eta une horretan zer nolako duintasuna eskaintzen dugun ere planteatzen du. Izarok honela laburbildu du ideia: «Heriotzaren aurrean eskain dezakegun duintasuna izango da gizarte gisa definituko gaituena».

«Arkitektura», bizitza eraikitzeko 13 abesti

Abenduaren 4an argitaratuko duen bosgarren diskoak 13 abesti bilduko ditu, bizitza bat eraikitzeko proposamen gisa. ROY BORLANDEK (Rusowsky, Teo Planell…) ekoitzi du lana, eta TUISTE ekoizlearen (Judeline, Amaia, Ghouljaboy…) lankidetza berezia ere izan du.

Diskoa artistaren lehen haurdunaldian grabatu zuen, «bi bihotzekin grabatutako» lana osatuz. Etorkizunari begiratzeko, bizitzaren jatorrira egiten du bidaia, haren egitura ulertzeko asmoz.

«Arkitektura» bizitza duina eraikitzeko bilaketa gisa aurkezten du Izarok: ekintzarako deia, egiaren defentsa eta etorkizunari begiratzeko ariketa. «Sekula ez da ezer eraiki soilik egonaz begira», adierazi du artistak.

Urtarrilean hasiko da bira

Disko berria aurkezteko bira urtarrilaren 23an hasiko da, Iruneko Ficoban egingo duen kontzertu-lantegi bereziarekin. Bertan, jarraitzaileekin batera eraikiko du birako eszenografia. Saio horretarako sarrerak agortuta daude.

Otsailaren 13an Donostiako Kursaalen eskainiko du lehen kontzertuetako bat, eta ondoren Donibane Lohizune, Iruñea, Bilbo eta Madrilera iritsiko da. Birak Granada, Sevilla, Vigo, Xixón, Bartzelona, Zaragoza, Santander, Valentzia, Las Palmas eta Malaga ere bisitatuko ditu.

Nazioarteko agertokietan ere izango da Izaro: azaroan, Dublin, Londres, Paris eta Bruselan joko du.

Bira honetako datak

  • Urtarrilak 23: Irun, Ficoba
  • Otsailak 13: Donostia, Kursaal
  • Otsailak 19: Donibane Lohizune, Tanka
  • Otsailak 20: Iruñea, Baluarte
  • Otsailak 27: Bilbo, Euskalduna
  • Otsailak 28: Madril, Teatro Albéniz
  • Martxoak 5: Granada, Planta Baja
  • Martxoak 6: Sevilla, Sala X
  • Martxoak 12: Vigo, La Fábrica de Chocolate
  • Martxoak 13: Xixón, Sala Acapulco
  • Apirilak 9: Bartzelona, La 2 de Apolo
  • Apirilak 10: Zaragoza, Sala López
  • Apirilak 17: Santander, Escenario Santander
  • Apirilak 24: Valentzia, La Rambleta
  • Maiatzak 7: Las Palmas, Auditorio Alfredo Kraus
  • Ekainak 16: Malaga, Teatro Cervantes
  • Azaroak 12: Dublin, Lost Lane
  • Azaroak 13: Londres, The Grace
  • Azaroak 19: Paris, Studio de l’Ermitage
  • Azaroak 20: Brusela, TBA
Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu