Durangok Kantariak abiatu du haur eta gazteen kantua sustatzeko
TESTUA · DURANGOKO UDALA
Durangoko Udalak eta Bartolome Ertzilla Musika Eskola Publikoak Kantariak proiektua aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan. 2026-27 ikasturtean martxan jarriko den musika jarduera berri bat da, 7 urtetik gorako haurrei kantu korala modu ludiko, hezigarri eta aberasgarrian hurbiltzeko helburuarekin. Agerraldian Arantza Barrenetxea, Iker Ruiz de Alegria musika eskolako zuzendaria eta Valentín Sagastizabal Orfeoiko presidentea izan dira.

Aurkezpenean azaldu da musika ikaskuntza teknikotik harago doala, eta kantuak aukera ematen duela txikitatik oinarrizko gaitasun pertsonalak eta sozialak garatzeko. Ildo horretan, aipatu da abesteak entzuten, emozioak adierazten, konfiantza pertsonala indartzen eta taldean lan egiten ikasten laguntzen duela, hori guztia gozamenetik eta hazkunde partekatutik abiatuta.
Era berean, adierazi da Kantariak proiektua inguruko hainbat abesbatza historikok, hala nola Orfeoiak, Doinu Zaharrek edo Bogoroditsiek partekatzen duten kezka bati erantzuteko ere sortu dela. Izan ere, talde horiek urteak daramatzate belaunaldi berrien artean kantua sustatzeko beharra azpimarratzen, udalerriko eta lurraldeko ondare immaterialaren parte den tradizio korala babesteko helburuarekin.
Testuinguru horretan, nabarmendu da Bartolome Ertzilla Musika Eskola Publikoak ekimen hori bultzatzeko konpromisoa hartu duela, kulturaren, hezkuntzaren eta gizartearen aldeko apustu gisa. Horren harira, kultur ondarea babesteak ez du soilik iragana kontserbatzea esan nahi, baita etorkizuna haur eta gazteen ahotsen bidez eraikitzea ere.
Gainera, jardueraren xehetasun praktikoak eman dira ezagutzera. Jarduera 7 urtetik gorako adingabeei zuzenduta dago, eta ikasleek musikaz gozatzeko espazio gisa pentsatuta dago; bertan, entzumen musikala garatu, ahozko eta emozio-adierazpena hobetu eta hainbat balio landuko dituzte, besteak beste, konstantzia, bizikidetza eta talde-lana.
Prentsaurrekoan, halaber, maiatzaren 31n, 18:00etan, Durangoko Andra Mari elizan egingo den kontzertu berezi baten berri eman da. Bertan, Kantika Korala abesbatza gonbidatuak parte hartuko du, Euskadin haur eta gazteen abesbatzen esparruan erreferente den taldea. Kontzertuak aukera emango die familiei eta jardueran interesa duten haurrei mota horretako taldeak gertutik ezagutzeko.
Bestalde, Durangoko Udalak Musika Eskolaren alde egindako apustua azpimarratu da. Ildo horretan, eraikinaren teilatuan egin berri diren berritze-lanen berri eman da, instalazioak hobetzeko eta etorkizunerako baldintza egokiak bermatzeko. Horrez gain, aurreratu da datozen hilabeteetan eserleku berriak jarriko direla Ekitaldi Aretoan, ikasleen, familien eta herritarren esperientzia hobetzeko helburuarekin.
Azkenik, ekimen hau posible egiten ari diren pertsona guztien inplikazioa eskertu da, eta bereziki, seme-alaben hezkuntza artistiko eta kulturalaren aldeko apustua egiten duten familien babesa.







