Hamabost ekintza inguruk osatuko dute Mañariako Maiatza Kulturalaren egitaraua
MUGA MAÑARIA
Aurten ere Maiatza Kulturala ospatuko da Mañarian, maiatzaren 9tik 24ra bitartean, askotariko kultur ekintzez osatutako egitarauarekin. Antzerkia, kontzertuak, hitzaldiak, ikuskizunak eta azoka izango dira, besteak beste, herriko kale eta gune desberdinetan.

Ekimenaren helburua da herritarren artean kultura sustatzea, sorkuntza artistikoa balioan jartzea eta adin guztietako publikoarentzat aisialdi eskaintza anitza eskaintzea. Mañariko Udalaren eta herriko elkarte eta eragile desberdinen artean osatu da egitaraua.
Andra Mari dantza taldearen 40. urteurrena
Andra Mari dantza taldeak sortu zeneko 40. urteurrena ospatuko du maiatzaren 23an. Egun osoko egitaraua izango da, eta bertan parte hartuko dute gaur egungo dantza taldeek —txikienetatik hasita nagusietaraino, ezpatadantzari taldeak barne— nahiz urte hauetan guztietan taldean ibilitako dantzari ohiek. Azken hauen artean 80 urtetik gorako dantzariak ere batuko dira.
Eguna kalejira batekin hasiko da, eta ondoren frontoian dantza saio nagusia eskainiko dute, ezpatadantza, gorulariak eta bestelako dantzekin. Horrez gain, taldearen sorreran eta ondorengo ibilbidean garrantzitsuak izan diren pertsonak omenduko dituzte. Eguna borobiltzeko, 18:00etan, Lorratz taldeak erromeria eskainiko du plazan.
Arri ekimena
Maiatzaren 16an, Arri ekimenaren barruan, formatu txikiko pieza artistikoak ikusi ahal izango dira herriko gune desberdinetan. Korrala Sormen Gunea arduratu da antolaketa lanetaz. “Ikusleek ibilbide bat osatu beharko dute pieza guztiak ezagutzeko, antzerki-ginkana moduko esperientzia batean”, azaldu du Korralako kidea den Cecilia Paganinik.
Ibilbide orria 17:00etan banatuko dute plazan, eta bertan zehaztuko dira tokiak, ordutegiak eta piezak. Tokiak sekretupean mantenduko dira une horretara arte. Ikuskizunei dagokienez, eskaintza askotarikoa izango da: soka Zinkoa eta clowna uztartzen dituen pieza NiMú taldeko Sandra Gutierrezen eskutik; dantza garaikidea, Ibawa kolektiboarekin; Karrika Antzerki Taldearen antzezlana; Korrala Sormen Guneko ikasleek sortutako pieza; Maria Urcelayren monologo komikoa; eta Swingtronics taldearen kontzertua, swing eta rock doinuak uztartzen dituena.
Kontzertuak, hitzaldiak eta azoka
Egitaraua hainbat kultur ekimenek osatuko dute hilabete osoan zehar. Besteak beste, maiatzaren 9an Arizona antzezlanak mugei, migrazioari eta giza harremanei buruzko gogoeta tragikomikoa proposatuko du. Maiatzaren 17an Oreka TX taldearen kontzertua izango da 12.00etan, eta maiatzaren 22an Gar proiektu musikalak zuzenekoa eskainiko du Errekondon.
Amaitzeko, maiatzaren 24an Euskal Azoka egingo da, eta baita Euskadiko Azpi Gorri lehiaketa ere. Horrekin emango zaio amaiera aurtengo Maiatza Kulturalari.








