Durangok ‘Bi ilunabarren eguna’ erakusketa ibiltaria hartuko du
TESTUA · DURANGOKO UDALA
Maiatzaren 21etik ekainaren 1era bitartean, Durangok “Bi ilunabarren eguna” erakusketa ibiltaria hartuko du. Eklipseei eta astronomiari buruzko dibulgazio-erakusketa hau Ezkurdi Plazan izango da ikusgai aire zabalean, eta bisita gidatuak, tailerrak zein publiko ezberdinei zuzendutako bestelako jarduerak ere antolatuko dira.

Erakusketak eklipseen fenomenoa herritarrengana hurbilduko du, ilustrazio zientifikoen eta publiko guztiari zuzendutako dibulgazio-edukien bidez. Helburua fenomeno astronomiko horiek nola gertatzen diren modu erraz eta bisualean azaltzea da, baita zeruaren behaketarekiko eta zientziarekiko interesa piztea ere.
Erakusketaren programazioaren baitan, Durangoko ikastetxeei zuzendutako bisita gidatuak egingo dira. Bisita horiek Aranzadi Zientzia Elkarteko Virginia García Penaren eskutik izango dira, eta maiatzaren 22an, 25ean eta 26an egingo dira Zabalarra, Jesuitak, Kurutziaga Ikastola, San Antonio eta Nevers ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleei zuzenduta.
Gainera, Bizenta Mogel Bibliotekak ekimen honen inguruan antolatutako jardueretan izena emateko epea ireki du. Horien artean daude “Ziano-Astro-Tipia” tailerrak; artea, natura eta astronomia uztartuko dituzte zianotipiaren teknikaren bidez. Parte-hartzaileek argiaren bidez irudiak sortzen ikasiko dute, elementu astronomikoekin zein landareekin esperimentatuz. Bi saio antolatu dira: lehenengoa maiatzaren 23an izango da, 11:00etatik 13:00etara, eta 8 urtetik gorako haurrei zuzenduta egongo da, heldu batek lagunduta; bigarrena, berriz, maiatzaren 28an egingo da, 18:00etatik 20:00etara, eta helduei zuzenduta egongo da.
Era berean, maiatzaren 25ean herritarrei zuzendutako bisita gidatuak eskainiko dira, Aranzadi Zientzia Elkarteko Virginia García Penaren eskutik. Euskarazko bisita 18:00etan izango da, eta gaztelerazkoa 19:00etan.
Bi jardueretarako plazak mugatuak dira, eta aldez aurretik izena eman beharko da biblioteka@durango.eus helbide elektronikoaren bidez. Eskabideak izen-emate ordenaren arabera onartuko dira, plazak bete arte.
Durangoko Udalak datozen egunetan emango du ezagutzera erakusketa ibiltari honekin lotutako jardueren programazio osoa.








