Astelehena,
2024ko Abenduak23

MugaKultura

loader-image
Durango
6:02 pm,
temperature icon 9°C
Humidity 93 %
Ráfagas de viento: 32 Km/h

Zazpigarren kofradiatik

Izaskun Ellakuriaga Bustinza

· Kazetaria

Oromiñoko gure txabolatik osaba Jabi Gerediagaren bila pasatzen ziren “gizon onak”, basoa garbitzen joateko; Laixiar egunaren bezperan harako bidea atontzeko ere makinatxo bat lagun ikusi izan dut;  gure aita ere, kofradietako “gizon ona” ez da izan inoiz, baina laguntzen ibilitakoa bai; gero, Laixiar egunerako, batez ere izeko Maite, baina ama ere tartean, kafea lapiko handian egiten ibiltzen zen…

Iurretako kofradiak aipatzean, burura etortzen zaizkit aurreko oroitzapenak. Gero, Kofradia Eguna amaitutakoan, Abadetxean, erabilitako mahai eta aulkiak ekartzen zituen Jaiotarren kamioiaren zain egotea ere bai. Lasterrera hasiko ziren San Migel jaietan Kofradiaren mahaiak asko erabiltzen genituen.

Behin, saiatu nintzen, Luisen lokalean (Iurretako eliza azpiko garajean) egin zen batzar batean “andra on bat” izaten. Aitarekin joan nintzen Iurretako kofradien batzarrera. Gogoan daukat, batzar hartan dena zela gizona. Ni eta, lar ondo ez dut gogoratzen, baina,  Maria Pilar Mintegia bertan zela uste dut.  Baina, familia burua izan behar zen  (eta gurean, oraindik aita zen hori) eta nik ere entzun behar izan nuen: “Andra bat baso lanak egiten?” (Basoaren ustiapena izan delako neurri handi baten kofradien ardura nagusia). Gainera, ni ordurako “zazpigarren kofradiakoa” nintzen.

Sei dira, baina, Iurretako kofradiak: San Marko, Fauste, Goiuria, Santa Maña, Orozketa eta Iurreta. Zazpigarrena izendatzea ere erreklamatu da inoiz. Iurretarrak izan eta kanpoan bizi garenon “kofradia”.

Udazkeneko haizeak arbolen orriak astintzen dituen moduan argitalpen honek balio du norbere oroitzapenak astintzeko, Iurreta herriko parte garrantzitsua izan diren kofradien gora-beherez ohartzeko edota kofradiek etorkizunean zer paper jokatu behar duten iritzia eraikitzeko.

Iurretaren desanexioan, auzoetako bizi-kalitatean edota herriko kultur eta kirol mugimenduetan kofradiei esker gauza asko atera dira aurrera. Musutruk askok askorentzat egindako lana izan da, eta gaurko Iurretaren zutabe ere izan dira.

Dena dala, kofradiak arin aldatzen dabilen gizartera egokitu behar dira. Pausoak ematen hasita gaude: emakumeen ahalduntzea izan da bat. Orain, herrian ditugun beharrizan berriek, familia eredu berriek edota iurretar berriek ekarriko dituzten erronkei aurre egitea tokatzen da, norbere izaera galdu barik, baina egokituz.

 

Iurretako kofradiak ezagutzera eman eta herriratzeko Jon Irazabal eta Markel Onaindiaren liburua argitaratu dute

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu