Osteguna,
2024ko Abenduak12

MugaKultura

loader-image
Durango
5:14 am,
temperature icon 5°C
Humidity 97 %
Ráfagas de viento: 11 Km/h

Iurretako kofradiak ezagutzera eman eta herriratzeko Jon Irazabal eta Markel Onaindiaren liburua argitaratu dute

1973an Iurretako kofradiek “aro berri bat” hasi zuten. Urte horretan kofradia basoen kudeaketa berreskuratu zuten Durangoko Udalarekin basoen jabetzaren inguruan izandako gatazkaren ostean.

Onandia, Lazkano, Sopelana, Plazaola, Aiartzaguena, Irazabal eta Gerediaga. Iban Gorriti

Gatazka horren gainekoak, desanexioaren aldeko borroka, basoen ustiapenarekin herrian eginiko proiektuak, kofradien izenean Iurretan egin diren dinamikak eta emakumeen partaidetzarako pausoa dira gaur aurkeztu den “Iurretako kofradiak. Iraganari etorkizuna ematen” liburuaren gaietako cbatzuk.

Iurretako kofradien batzordeak eta Gerediaga Elkarteak ekin diote kofradien historiaren ikerketa eta bilketa proiektuari. Baina, lan historiko hutsetik harago joatea da asmoa. Dibulgazio lana da helburua, eta batez ere, kofradiak jendarteratzea. Herria kofradien parte den heinean, kofradiak herriaren parte direla erakustea.

Liburua, ikus-entzunezkoa, webgunea Iurretako kofradien eta Gerediaga Elkartearen lankidetzak kofradien ibilbide historikoa jaso duen argitalpena izan du helburutzat. Horretarako, dokumentazio historikoa batu eta ikertu da, eta azken 50 urteetako lekukoen testigantzak ere jaso dira. Batutako guztia argitalpenerako prestatzeko ardura Iurretako Markel Onaindia Txabarrik (testuak eta bideo grabazioak), Jon Irazabal Agirrek (dokumentazioa eta artxibo historikoa) eta Eñaut Aiartzaguena Bravok (diseinua eta maketazioa) izan dute. Liburua 5 eurotan salgai egongo da. Laixiar Zelaiko jaian izango da salgai eta gero Iurretakopi dendan.

Libururako jasotako lekukotzak bideoan grabatu dira eta Markel Onaindiak 25 minutuko ikus-entzunezko laburra ekoiztu du kofradien historia laburbilduz. Ikusentzunezko horren emanaldia irailaren 14an, ostegunean, izango da. Hiru aurkezpen saio izango dira 17:00etan, 18:30ean eta 20:00etan. Lekurik ez da erreserbatuko eta aretoa bete arte utziko da sartzen saio bakoitzean. Dibulgazio lanera begira, gainera, libururako batutako dokumentazioa eta bideoak webgune berezi batean sareratzea ere bada asmoa.

Irailak 10 Kofradien Eguna

Kofradien Egunean, Laixiar Zelaiko jaian, banatuko da Kofradien historia jasotzen duen argitalpena (5 eurotan salduta). Urtero lez, Iurreta udalerria osatzen duten sei kofradietako iurretarrek euren jaia ospatuko dute. Familia eta lagun arteko giroan izaten da jaia. Eguraldi ona bada eta aterri, Laixiar zelaian batzen dira iurretarrak, eta euria egin ezkero Iurretako Maiztegi herri eskolako frontoian.

12:00etan hasiko dira ekitaldiak, urteroko kofradien kontu-ematearekin. Ostean dantzarien saioa eta igel txapelketa egingo dira. Bazkalostean, berriz, umeen jolasak eta erromeria Naiara eta Izarrarekin. Goiz eta eguerdiostean, Mikel eta Gorka trikitilariak izango dira giroa alaitzen. Eskari berezia egin zaie aurten Laixiar zelaira gerturatuko direnei: norberak bere edalontzi berrerabilgarria eroatea, paper eta plastikozko edalontziekin egiten den zaborra gutxitzeko asmoz.

Argazkian ezkerretik eskumara

Markel Onaindia, liburuaren egilea

Gorka Lazkano, Iurretako Kofradien Batzordeko presidentea

Goiuri Sopelana, Iurretako Kofradien Batzordeko idazkaria

Olatz Plazaola, Gerediaga Elkarteko zuzendaritzako kidea

Eñaut Aiartzaguena, liburuaren diseinatzailea

Jon Irazabal, liburuaren egilea

Alaitz Gerediaga, Iurretako Kofradien Batzordeko diruzaina

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu