Osteguna,
2024ko Abenduak26

MugaKultura

loader-image
Durango
2:09 pm,
temperature icon 13°C
Humidity 71 %
Ráfagas de viento: 2 Km/h

Ikasle babes sarea

TxaberLeire Uribe1

 Txaber Altube eta Leire Uribe

· Unibertsitateko Indar Batasuna-ko kideak

Azken asteak luze eta gogorrak izan dira; datozenek ez dute itxura hoberik. Lehen gutxi ez eta alarma egoera honen ondorio latzenek kolpatu dute langileria. Hezkuntza ez da salbuespena, ikasleok ezezagun zitzaigun bermerik gabeko tesituran kokatu baikaitu salbuespen egoera honek. Ikasle zein irakasle, bortxaz eta egun batetik bestera egokitu gara, hala nola, internet bidezko klaseetara, aurreikusi ezinak ziren lan-kargetara eta etorkizun ezin lausoagoa duen kurtso amaiera honetara.

Espero ez genuen bidetik azaleratu dira oraingoan hezkuntza sistema honen mugak. Ikasketa prozesuarekin era eramangarrian jarraitzeko ditugun trabak ez dira huskeria: ez dago klaseekin egoki jarraitzeko baliabide nahikorik; aisia ukatua zaigun honetan, ikasketetarako giro jasangarria ere ukatu digute; eta, batez ere, ez dugu inolako bermerik. Ez dakigu irailean hasi genuen kurtsoa noiz eta nola bukatuko dugun, ez eta datorren kurtsorako zein egoeratan utziko gaituen ere. Bide batez, besarkada bana eta indar karrokada batxilergoko bigarren mailako kideei.

Unibertsitateko Indar Batasuna (UIB) unibertsitateko langileriaren interesen defentsarako jaio zen iaz eta unibertsitatean diharduten langile sektore ezberdinen (ikasleak, irakasleak, garbitzaileak, ikerlariak…) indarrak batu eta garaipenak eskuratzeko gaitasuna areagotzea du helburu. Alarma egoerak ikasleria egoera erabat zaurgarrian utzi duen honetan, DBH, batxilergo zein unibertsitateko ikasketetan laguntza behar duen orori ahalik eta bultzada handiena ematea helburu, Ikasle Babes Sarea jarri du martxan UIBk.

Ikasle Babes Sareak bi laguntza-sare biltzen ditu. Alde batetik, zalantza-argipenak, sakontzeak, azalpenak zein laguntza klaseak behar dituzten horientzako ikasketa-laguntza eskaintzen du. Sare hori ahalik eta eraginkorrena izan dadin, Euskal Herri osoko ehundik gora unibertsitateko ikasle ari dira lanean, bakoitza bere arloan, irakasgai bakoitzerako kalitatezko laguntza bermatzeko. Bigarren hezkuntzan, honako arloetan eskaintzen du laguntza Ikasle Babes Sareak: fisika, kimika, teknologia, marrazketa teknikoa, biologia, geologia, matematika, euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa, latina, grekera, filosofia, historia, artearen historia, ekonomia eta geografia.

Ikasketa-laguntza nahi duenak, UIBrekin harremanetan jarri besterik ez du; ‘uibnazionala@gmail.com’ helbidera idatzita, 688 64 66 97 telefono zenbakira deituta edo Twitter (@UIBnazionala) edo Instagram (@uib_nazionala) sare sozialetara idatzita. Ikasle Babes Sareko kide bat zuen zalantzak edo arazoak konpontzen ahaleginduko da, egokiena deritzozuen bidea erabiliz: Skype, Hangouts, korreo elektronikoa edo telefonoa.

Apunteen bankua

Bestetik, apunteen bankua ere jarri du martxan UIBk. DBH, batxilergo zein unibertsitate ikasketetako ikasgaietako apunteen bilketa egiten ari da Ikasle Babes Sarea. Helburua ikasketetarako beharrezko materiala, ahalik eta gehien, sarean eta ikasleria osoaren eskura jartzea da. Apunteen bankua erabili nahi duten ikasleek lotura honetan aurkituko dute.

Durangaldeko ikasleriari, beraz, Ikasle Babes Sarearen tresnok eskaini nahi dizkiogu, gainontzeko ikasleriari bezain baliagarri zaizkiolakoan. Bestalde, ezin esan gabe utzi babes sare hau posible egiten duena ikasleon lan militantea dela eta ikasketa-laguntza sarera bildu nahi duen zein apunteen bankua elikatu nahi duen edonor beso-zabalik hartuko dugula, sare hau ikasleon indar antolatua baino ez baita. Beraz, garrantzitsua zaigu mezu honen zabalpena. Bere ekarpena egin nahi duenak idatz dezala ‘uibnazionala@gmail.com’ helbidera.

Berriz ere argi geratu da ikasleon ikas- eta bizi-baldintzak instituzio burgesetatik hobetzeko dagoen borondate eta gaitasun eza. Horren aurrean, klase elkartasunaren beharra azpimarratu nahi dugu enegarrenez eta bere alde egin apustu, ikasleon zein langileria osoaren alde.

Indarrak batuz, gaitasunak biderkatu!

Ikasle

Red de Apoyo Estudiantil (Ikasle Babes Sarea)

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu