Asteartea,
2026ko Azaroak17

MugaKultura

[location-weather id="91313"]

Azaroaren 25a: denon aldarrikapena

JON ARTABE

· Amorebieta-Etxanoko Udaleko Berdintasuneko zinegotzia

Urtero legez, Indarkeria Matxistaren aurkako Nazioarteko Egunak gure egunerokotasuna alboan utzi, eta Emakumeen aurkako biolentzian arreta jartzeko aukera ematen digu. Gure gizarteak oraindik konpondu ez duen arazo lazgarria eta krudela, denon parte hartzea eskatzen duena. Ezinbesteko garrantzia duen gaia, baina baita konplexotasun handikoa ere, gehienbat munstro honek ezkutatzeko hartzen dituen arpegi desberdinak direla eta.

Amorebieta-Etxanoko udalak egun horren inguruan lan egiteko osatu duen programazioak arazo horrek hartzen dituen arpegi desberdinak jorratzeko helburua du. Biolentzia matxistak baditu milaka arpegi, eta gure lana, herri erakunde moduan, gure inguruan hartzen dituen era desberdinak salatzea eta horiei aurre egitea da. Horretarako programazioa anitza eta eremu desberdinak jorratzen dituena aurkezten dugu:

Lehen ekintza, Magdalena Piñeirok emango duen gorputz dibertsitateraren inguruko hitzaldia izango da. Bertan, pisu eta itxura normatiboak gure gorputzen gainean sortzen dituen eraginak azalduko ditu, eta presio horri aurre egiteko neurriak emango ditu. Hurrengo egunean, Garazi Albizuak, 2025eko Euskadi Literatura sariak, June Fernandez kazetaria bidelagun, feminisimoan arte eta literaturaren paperaren inguruan solasaldia izango dute, liburutegian. Bertan, arteak eta literaturak berdintasunaren aldeko lanean duen garrantzia azpimarratuko da.

Azaroaren 19an, Nuria Varelak, feminismoan aditua den idazle eta kazetariak, emakumeak politikatik kanporatzeko ari diren indarrak aztertuko ditu. Ultraeskuindar indar berriek, emakumeen partaidetza jomuga dute beraien diskurtsoan. Nuria Varelak, El síndrome de Borgen liburuan azaltzen duen moduan, emakumeen partaidetza sistema politikoan demokrazia indartzeko apustu nagusia da. Beraz, autoritarismo berrien profetek emakumeak politikatik botatzea daukate helburu.

Hurrengo egunean, azaroaren 20an, emakumeen aurkako biolentziak eremu desberdinetan azaltzeko arpegi isilak ikusiko ditugu. Lehena, biolentzia obstetrikoa, emakumeen gorputza jomuga duen indarkeria isila, horren inguruan asko hitz egiten ez dena. Nahia Alkorta, Mi parto rabado liburuaren egileak hedabideetan ikusten ez den arazo honetaz hitz egingo digu. Hurrengo astelehenean, biolentzia digitala jorratuko duen mahai-ingurua izango dugu, Sheila Melcón psikologoa gidari, eta Estibaliz Linares, Naiara Nájera, Olatz Martínez de Ibarreta eta Alize Etxabarria ikerleak solaslagun. Asteartean, azaroaren 24an, Toscana Viar, Athletic Club eta Espainiar futbol sekzioko nutrizionista hizlari izango dugu, eta ongizatea elikadura eta kirolaren laguntzaz nola lortu azalduko digu, itxuraren tiraniapean jausi barik.

Azaroaren 25ean, herriko plazan, aldarrikapen instituzionala izango dugu, eguerdiko 12:00etan. Bertan, udal arduradunok, herritarrek eta ikastetxeetako ikasle eta irakasleek bat egingo dugu Berdintasunaren alde, eta Biolentzia matxistaren aurkako aldarrikapena zabalduko dugu. Herri moduan, emakumeen aurkako edozein motatako jazarpenen aurrean gure ahotsak batuko ditugu.

Edonola ere, azaroaren 25aren ostean ez da amaitzen gure programazioa. Nerabeentzako gaztetxokoan ekimen desberdinak izango dira, eta azaroaren 27an, Histrión antzerki taldeak Dysphoria lana aurkeztuko du, eta hilabete honetan zehar, Nigerren emakumeak duen egoera bortitza azaltzen duen erakusketa izango dugu. Azkenik, azaroan zehar ere, liburutegian, programazioan parte hartu duten emakume guztien liburuak izango dira eskuragarri.

Programazio anitza, interesgarria, eta errealitateari lotua. Hori izan da gure helburua. Baina gauza garrantzitsuena ahaztu barik: berdintasunaren aldeko apustua urte guztiko lana izan behar da. Urtarrilaren lehenengo egunetik, abenduko azken segundora arte. Erronka hau uneoro dugu gure gainean. Eta ez bakarrik udal erakundeok. Erronka hau gizarte guztiarena da;bai helduena, bai nagusiena, bai gazteena. Eta bereziki belaunaldi berriena, beraiek izango baitira, etorkizuneko gizartearen protagonistak. Denok batu gaitezen azaroaren 25aren inguruan, denon artean, emakumeen aurkako indarkeria desagertzea lor dezagun.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu