Alfredo Baeschlin, euskal baserriaren ikerketatik Abadiñoko etorbidera

MIKEL GARAIZABAL
1979 urtean ospatutako udal hauteskundeen ondoren eratutako udalbatzak, Abadiñoko sasoi hartako hainbat kale eta etorbideri izenak aldatzea erabaki zuen. Kale-izendegiaren berrikuspen bat egin zen, izan ere, herriko kale eta etorbide askok frankismo garaian jarritako izenak zituzten, eta demokrazia garaian eratutako lehen udalbatzak, herriko kale eta etorbideei euskal kulturan lan egindako pertsonen izenak zein bertako toponimian oinarritutako izenak ematea erabaki zuen.

Kasu baterako, Monseñor Vizcarra Abadiñoko seme-ospetsu izendatua eta bere izenean zuen etorbideari, izena aldatu eta Alfredo Baeschlin etorbidea deitu zioten.
Alfredo Baeschlin Suitzan jaiotako arkitekto, pintore eta poeta izan zen (1883–1964). Arkitekto gisa lortu zuen osperik handiena, eta Durangaldeko baserri asko aztertu zituen Abadiñon bi urtez jarraian bizi izan zen bitartean. 1926 eta 1927 artean bizi izan zen Abadiñon, eta Bengoa jauregian zuen bere estudioa. 1930ean “La arquitectura del caserío vasco” liburua argitaratu zuen Bartzelonan. Lan horretan, euskal baserriaren azterketa sakona egin zuen. Abadiñon igarotako denbora baliatu zuen batez ere baserrien inguruko ikerketak egiteko, eta Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako hainbat baserri bertatik bertara aztertzeko.
Baeschlinek garai bateko ekonomian baserriek zuten garrantzia eta bertako bizimodua ulertzeko egindako lana ezinbestekoa izan zen. Guzti horregatik, 1979an eratutako Abadiñoko udalbatzak, demokraziaren testuinguruan, bere omenez Alfredo Baeschlin izena jarri zion 2022an oinezkoentzako espaloi, biribilgune eta argiteria berriarekin eraberritu zen etorbideari.









