Larunbata,
2024ko Azaroak23

MugaKultura

loader-image
Durango
10:53 pm,
temperature icon 11°C
Humidity 80 %
Ráfagas de viento: 36 Km/h

Xabier Amurizak III. Monzon-Ganuza Euskal Utopikoei Saria jasoko du euskal kulturaren alde egindako lanagatik

Jon Baraja

Xabier Amuriza Zarraonandiak, Etxanon jaiotako eta gaur egun Berrizen bizi den bertsolari, idazle, itzultzaile eta ikertzaileak, Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak eskaintzen duten III. Monzon-Ganuza Euskal Utopikoei Saria jasoko du martxoaren 16an. Euskal kulturaren alde egindako lan guztiagatik omenduko dute.

Xabier Amuriza bere etxean, Berrizen. IBAN GORRITI

Xabier Amuriza Zarraonandiari (Etxano, 1941) III. Monzon-Ganuza Euskal Utopikoei Saria emango diote datorren martxoaren 16an, Bergarako Seminarixoan 18:30ean burutuko den ekitaldian. Hala ezagutarazi dute ekimen honen antolatzaileak diren Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak. Omenaldi honen bitartez, Euskal Herriari, gure kulturari eta euskarari egindako ekarpena nabarmendu nahi dute.

Amurizaren eraginak iraultza handi bat suposatu zuen bertsogintzan 80ko hamarkadan eta gure garaiko bertsolaritza ezingo litzateke ulertu berak ekarritako berrikuntzak barik. Adibidez, berak eraman zuen euskara batua txapelketetara eta bertsoak egituratzeko modua aldatu zuen, metrika eta doinu berriak sortu baitzituen. Birritan izan zen Euskal Herriko txapeldun, 1980an eta 1982an. Hori gutxi balitz, bertso-eskolen sorrera sustatu zuen, irakaskuntzako material ugari eginez.

Zazpi urte Zamorako espetxean

Beste alde batetik, Gogor apaiz mugimenduaren bultzatzaile izan zela ere kontuan hartu dute antolatzaileek. Errepresio frankista bere mezetan salatzeagatik eta Bilboko apezpiku etxean egindako itxialdian parte hartzeagatik zazpi urte egin behar izan zituen espetxean Zamoran. Amuriza gai hura jorratzen duen 2021eko Apaiz kartzela dokumentaleko protagonistetako bat da.

1986tik 1990era arte Eusko Legebiltzarreko kide izan zen euskaltzale zornotzarrak gauzatutako eleberri, narrazio, olerki liburu, saiakera edota kantak ere azpimarratu dituzte antolatzaileek bere hautaketa azaltzeko orduan. Gainera, euskarazko errimen hiztegia idatzi zuen lehen pertsona da Amuriza, nork azken urteetan beste errekonozimendu garrantzitsu batzuk jaso ditu, Manuel Lekuona eta Lauaxeta sariak bezala.

Monzon-Ganuza Euskal Utopikoei Saria 2021ean jaio zen, Telesforo Monzonen heriotzaren 40. urteurrenean. Euskal utopikoak goraipatzeko sortua, Euskal Herriari, bere kultura, hizkuntza, historia eta etorkizunari bizitza osoko lana eskaini dioten herritarrak omentzea da ekimen honen helburua. Lehen edizioan Libe Goñi izan zen irabazlea eta iaz Jose Luis Elkoro eta Mari Karmen Ayastuy omendu zituzten.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu