IURRETA | Zubi gaineko argazki erakusketa
Izaskun Ellakuriaga
Iurretan bada leku bat herritar guztiek gurutzatzen dutena. Hori Montoiko zubia da. Durango eta Iurreta herriak batzen dituen zubia. Hori aukeratu du Gerediaga Elkarteak, Iurretako Udalarekin batera, argazki zaharren erakusketa egiteko.
50 argazkitan iraganari begiratuko zaio. Argazki kamaretara digitalidadea heldu aurreko argazkiak dira guztiak. Gerediaga Elkarteak herritar batzuen bildumetatik eta berak dituen artxiboetatik aukeraketa egin du. Herria zelan aldatu den erakusten dute askok. Esanguratsuak dira, Montoiko zubia bera eta 634 errepideak izan duten aldaketa. Baserri lanak, jaiak, taberna giroa ere erakusten dute argazkiek.
German Zorraquin, Ricardo Doliwa, Gerediagako fondoa, FotoSol, Pablo Garitaonandia, Miguel Angel Astiz, Jose Areitio edota Joseba Agirre dira argazkien egile edo jabeetako batzuk. Olanan inprimatuak, eta estetikoki koloreztatuak, maiatzaren amaiera arte zubian erakutsiko dira. Gero, Iurretan zehar eskegiko dira urtea amaitu bitartean.
Etiquetas: Gerediaga, Iurreta