Gobernu taldea “insumiso” | Durangoko EH Bilduk kritika luzatu du legealdiko jarrera salatuz
I. Ellakuriaga
Prentsaurrekoan, Durangoko EH Bildu alderdiak durangarrentzat garrantzitsuak izan diren erabakien aurrean gobernu taldea “insumiso” agertu dela kritikatu du. Legealdi hutsa izan dela nabarmendu dute, erabaki garrantzitsu asko ez direlako hartu. Horregatik, ez-ohiko bilera bat egitea eskatu dutela iragarri dute, 16 mozio aurkeztuko dituztela azpimarratuz eta durangarrei bertaratzea eskatuz.
Hauxe luzatutako prentsa-oharra:
Legealdi oso garrantzitsu baten aurrean geundela esaten genuen orain dela 4 urte. Testuinguru sozioekonomiko oso konplikatua hainbat durangarrentzako eta gure herritarren etorkizunerako garrantzitsuak izango diren hainbat erabaki hartu behar genituen;
- Trenaren lurperatzearen ondoren Durango berri bat diseinatzeko aukera geneukan Herri Antolaketako Plangintzaren berrazterketarekin.
- Higiezinen burbuilaren eztandaren ondoren, tokiko garapenean oinarritutako eredu berri bat diseinatzeko aukera geneukan.
- Soilik jabetzara bideratutako etxebizitza politika publiko ez eraginkorrekin bukatzeko aukera geneukan.
- Herritarren parte hartze barik eta diru publikoa xahutuz egindako, udal azpiegituren eraikuntzarekin bukatzeko aukera geneukan.
- Ondare eta diru publikoaren kudeaketa ona eta eraginkorra, beti derrigorrezkoa izanik, testuinguru honetan ezinbesteko zen legealdi hasieran.
Azken finean, orain dela 4 urte, durangarren egunerokotasunean eragina duten hainbat politika publikoaren berdefinizioa zen udal taldeen erronka nagusiena.
Zoritxarrez, legealdi huts baten aurrean gaude. Hartzeko geneukan erabaki potoloenak, erabaki barik geratu dira. Eta bi dira horren arrazoi nagusienak. Alde batetik Gobernu taldearen ekimen falta eta bestetik gobernu taldeak, alkatea buru, ez duelako osoko bilkurak onartutako hainbat erabaki aurrera eraman. Alegia, Durangarrentzako garrantzitsuak ziren hainbat erabakien aurrean, INSUMISO agertu delako.
Oso adierazgarria da 2014 urteko osoko bilkuretan gertatutakoa. Mozioak aparte utzita, osoko bilkuretara gobernuak ekarritako erabakiak hauek izan ziren; 4 hitzarmen, 2015 urterako ordenantza fiskalak, baserri bat erostea, kreditu aldarazpen bat eta 16 tramitezko erabakiak. Guztira 19 ekimen. Soilik EH Bildu, gobernu ardura eduki barik, 18 mozio aurkeztu zituen. Benetan adierazgarria. Oposizio izanik, ekimena hartu behar izan dugu, gobernu taldearen ekimen faltaren aurrean. Ez dira izan kapaz, ezta aurrekontu proposamen bat aurkezteko. Era horretan lau urteko legealdi batean, soilik urte batean aurkeztu dituzte aurrekontuak.
Baina hori gutxi balitz, gainera, osoko bilkuretan onartzen ziren mozioak ez ditu bete gobernu taldeak. Hori dela eta, aste honetan 16 mozio aurkeztuko ditugu, legealdia bukatu baino lehen bete barik eta pendiente geratu diren hainbat gai aurrera eramateko. Eta eskatuko dugu, ez ohiko bilkura batean eztabaidatzea. Ez ohikoa baita Durangon gertatu dena legealdi honetan; eduki bako osoko bilkurak eta erabaki garrantzitsuak, Herri Antolaketako Plangintza Orokorra edo aurrekontuak adibidez, hartu barik.
Osoko bilkura horretan; etxe-kaleratzeak, garapen ekonomikoa, diru publikoaren xahuketa, etxebizitza edota Landako Erakustazokaren inguruan hartutako erabakiak betetzeko, berriro ere eskatuko diogu udal gobernuari.
Era berean, gobernuaren ekimen falta eta osoko bilkurak onartutako erabakiak ez betetzea salatuko dugu. Herritarren interesen kontra doalako, beharrezkoak diren erabakiak hartzen ez dituen gobernua eta ordezkaritza politikoari errespetu falta adierazten duelako, osoko bilkurak onartutakoa betetzen ez duen gobernu batek. Horregatik, mozioetariko bat, gobernu taldeak legealdi honetan edukitako jarrera erreprobatzea eskatuko du.
Azkenik, gonbitea helarazi nahi diegu Durangar guztiei, osoko bilkura aretora etortzeko bilkura hori zuzenean jarraitzeko. Uste dugu laburpen on bat izango delako, legealdi honetan gertatukoa zuzenean ikusi ahal izateko. Era horretan, EH Bilduk, gobernu taldeak osoko bilkura hori konbokatu bezain laster, publiko egingo du deialdia eta herritar guztiak bertaratzeko deialdia zabalduko du.
Etiquetas: Durango, EH Bildu