NOW, beste behin hunkitu nauzue!
Andoni Lupiañez
Goizetik jadanik emozioak indartsu izan ditugu bultzaka, barre-barrenetik kolpe batean irten nahian ibiliko balira bezala. Senideentzako egun berezirik badago, gaurkoa da hori. Errepidearen, espetxearen, kartzeleroen astebururoko hoztasuna, eguzkitik bertatik heldutako argi izpiz epeldu diguzue. Eskerrik asko bihotzez! Anaia eta besteek asteroko pilak kargatzeari uko egin diete, arnas freskoari ezetz esan diote, trukean etxeetan gaudenok indarrez beteko garelakoan. Eta horrela izan da! Ama eta aita ikusi ditut nire aurretik pasatzen, gure aurretik malkoz bustita ibiltzen, pausoz pauso, txalo zaparrada ozenaren erdian. Semeek «Aupa, amama!» oihukatzen zuten bitartean malkoei eutsi ezinik egon naiz. Ez zitzaidan garrasirik, ezta hitz bakar bat ere ahotik irtetzen. Beste behin ere hunkitu nauzue!
Sarritan esan digu anaiak, preso arruntek galdetzen dietela nola egon ahal diren irribartsu, dituzten kondena luzeak ikusita. Erantzun bera ematen diete beti; zigor horri aurre egiteko herri oso baten babesa dutela eta mehatsu horren aurrean ez direla sekula bakarrik sentitzen. Zuek, gaur gure alboan lepoz lepo Bilbon egon zaretenok, gure senideei amesten jarraitzen laguntzen diezue, bizitzen jarraitzen laguntzen diezue. Ez dago eskerrik hori ordainduko duenik! Itzelak zarete! Porturik ez da oraindik ikusten baina hortxe dagoela badakigu eta haruntz goaz arraunean! Haizea lagun, irribartsu, irabaztera goaz eta!
*Andoni Lupiañez (Durango, 1976) irakaslea da eta Gorka Lupiañez presoaren anaia.