Lotsa barik berbetan
Izaskun Ellakuriaga
Berbodromoan edo mintzodromoan izan naz asteon. Durangaldeko AEK-k antolatuta ordubetez mahai baten bueltan berbaz jardutea izan da zeregina: hiru gai, hiru mahai eta hiruna lagun barri. 200 lagunetik gora parte hartu dau goiz eta arratsaldeko saio banatan. Antolatzaileen balorazino barik eskuetan, arrakastatsua izan dala esatera ausartzen naz.
Geu Be Elkarteko kide bigaz eta jaiotzez Zamorakoa dan durangarrak izan ditut berbalagun lehenengo mahaian. Jaiak zelan bizi izan doguzan elkarri kontetan hasi gara eta poteatzeko Durangoko taberna gustokoenak aitatzen amaitu dogu.
Bigarren mahaian, AEKkko bi irakasle izan dodaz mahailagun. Euskaraz berba solteak esateko gai dan euskara ikaslea izan da gugaz. Abadiñon zabaldu barri dabezan fast-food kateak inori ez jakuzala gustetan argi geratu da. Irakasleak eta neuk txatxaleo arinean ibili gara, euskara ikaslea, mahai honetan entzule izan da gehiago.
Azken mahaiko hiru lagunek egungo euskara ikasleak ezagutzeko aukerea emon deustie. Berbagaia be euskara hizkuntza bera izan dogulako. Donostiar jatorriko abadiñarra, Sopelatik orain dala 30 Durangora etorritakoa eta Eibarren bizi izandako galiziarra. Bakotxa bere beharrizanakaz.
Euskaraz komunikatu gura daben hainbat lagun aurkitu dodaz Mintzodromoan; euskara ez praktikatzeagatik erreztasuna galdu dabenak, ilobakaz euskaraz berba egin gura daben jubilatuak edota beharrerako euskara maila hobetu gura dabenak. Errealitate diferenteak dagoz guzti horreen atzean, baina amankomunean badaukie zeozer: euskaraz berba egin gura dabe, praktikatu
Lotsa galtzean dago gakoetako bat. Berbodromoa lako ekimenak horretarako aproposa dirala begitantzen jat. Amaieran nik jendea pozik ikusi dot. Pozik euskaraz berba egin dabelako, entzun, eta parte hartu daben askorekin identifikatuta sentitu diralako.
* Izaskun Ellakuriaga kazetaria da