Amaiera ikusgarria izango du gaur Durangoko Azokak
Mugalari
Lau eguneko maratoiaren ostean, gaur, abenduak 8, amaituko da Durangoko Azokako 50. edizioa. Jendez lepo izan dugu Azoka lau egun hauetan, eguraldi zoragarria, egitarau oparoa… eta azken eguna ere ez da atzean geratuko. Izan ere, amaiera ikusgarria izango du mende erdia bete duen kulturaren plazak: zirkoa, sua, sokak eta dantzak!
Irudienean hiru dokumental eskainiko dira goizean: «Jon Salaberri, hiesdunen aldeko ekintzaile ahaztua», «Beltzean mintzo» eta «Bisaiak: jauziaren aurpegiak». Arratsaldean umeentzako zinema egongo da, eta eguna amaitzeko, Kameratoia ikus-entzunezko rallyaren sari-banaketa eta emanaldia egongo da 18:00etan.
Ahotsenean ez dute hutsik egingo azken egunean ere. Kontzertuen karpan, izen ugari: Josu Bergara, Bi Bala, Zazkel, PAM… Solasaldietan, gauza bera: Xabier Lizaso, Andoni Egaña, Jean Mixel Bedaxagar, Joseba Aurkenerena…
Kabi@k jarduera berezi bategaz hasiko du eguna: tabu-hitzaldiak. Hizlariek IKTei buruz aritzeko 20 minutuko tarteak izango dituzte, baina debekatuta egongo da «euskara» berba erabiltzea. 12:00etan Euskal Instagram komunitatearentopaketa eta #igerrak_50DA lehiaketaren sari-banaketa egongo da.
Areto Nagusiaren baitan antolatzen den «Gogoetaren Plazan», euskal kulturaren prestigioa izango dute mintzagai. Gorka Erostarberen gidaritzapean, goizean Ruper Ordorika eta Jon Maya dantzaria arituko dira, eta arratsaldean, Harkaitz Cano, Aizpea Goenaga eta Asier Mendizabal.
Egunero legez, Saguganbara umeentzako hamaika jarduera izango ditugu egun osoan zehar: ipuin-kontaketak, tailerrak, aurkezpenak…
Azokari «hurrengo urtera arte!» esateko, amaiera-traka bizia izango dugu bihar kulturaren plazan. Ahotsenea Solasaldietan Durangoko Azokako 50. urtemugako ikuskizuna egongo da 17:30ean, Lekord taldearen Sokakikuskizunagaz. Ordu erdi beranduago Szenatokian akrobaziez eta malabareez gozatzeko aukera izango dugu Zirko Anabasarekin –Euskal Herriko zirkuaren lagina izango da–. 19:45ean, momentu ikusgarria biziko dugu Landakon: Deabru Beltzak taldeko kideak Landako Gunea zeharkatuko dute, ateak itxi, eta kanpoaldean su-ikuskizuna eskainiko dute. Azkenik, edizio hau guztiz biribiltzeko, Plateruenan Korrontzi taldeagaz dantzaldia izango dugu.
Etiquetas: Azoka, Durango