Larunbata,
2024ko Azaroak23

MugaKultura

loader-image
Durango
9:18 pm,
temperature icon 13°C
Humidity 81 %
Ráfagas de viento: 32 Km/h

‘Hitzez eta Ahotsez’, pertsona ordezkaezinen hutsunearekin, kalean egingo da lehenengoz “herritar gehiagori irekitzeko”

Jon Baraja

Abian da Durangon Hitzez eta Ahotsez ekimenaren 9. edizioa herritarrak euskal literaturara hurbiltzeko helburuarekin. Aurtengo gaia Umorea da, euskaraz ere testu barregarriak ditugula erakusteko asmoz. Hiru ikuskizunez osatuta, plater nagusia maiatzaren 5ean egingo den jendaurreko irakurraldi girotua izango da, 17:00etatik 22:00etara. Aire zabalean antolatuko da lehenengoz, Benita Uribarrena parkean hain zuzen ere. Nahi duten pertsona guztiek parte har dezakete formulario hau betez.

2018ko irakurraldian parte hartu zuen pertsona talde bat.

Hitzez eta Ahotsez ekimenaren 9. edizioa martxan da Durangon. Euskal literatura bultzatzea helburu duen proiektu honek Umorea du ardatz aurten. “Aspalditik egon gara gai hau aukeratzeko zalantzan. Euskaraz ea material nahikoa zegoen begiratu genuen eta, dudarik gabe, bai lehengo idazleek bai gaurkoek erabili dute eta erabiltzen dute umorea”, azaldu dio MUGA-ri antolakuntzako kide den Marisa Barrena Larruzeak. “Aurreiritziak aurreiritzi, badago umorea euskal literaturan. Gertutik hasita, Kirikiñok bere garaian erabili zuen umorea, Julene Azpeitiak ere idatzi zituen umorezko kontaketak, Joseba Sarrionandiak berak ere, askotan bakarrik serio idazten duela pentsatzen dugun arren, baditu umorezko pasarteak, Lourdes Unzueta durangarrak ere badauka narrazio barregarriak… Gero, pixka bat urrunago joanda, beste asko daude: literatura klasikoan Pernando Amezketarra adibidez eta gaur egungoan Jon Arretxe, Ana Malagon, Miren Agur Meabe…”, gehitu du Durangon bizi den zornotzarrak.

Egitaraua, hiru ikuskizunez osatuta, pasa den martxoaren 22an inauguratu zen Beatriz Egizabalen helduei zuzendutako ahozko narrazio saio batekin Bizenta Mogel Bibliotekan. Bigarren hitzordua apirilaren 21ean, ostirala, izango da. Oraingo honetan, beste emakume lasartear bat izango da protagonista, Ane Labaka idazle eta bertsolaria. “Umorea disekzio-mahaian: Nork, nondik, nola?” deituriko hitzaldia eskainiko du 19:00etatik aurrera Arte eta Historia Museoan. Plater nagusia maiatzaren 5ean, ostirala, helduko da. 17:00etatik 22:00etara barreak ziurtatuta egongo dira jendaurreko irakurraldi girotuari esker. Hiru ekitaldiez doan gozatu ahal izango da, sarrera librea baita edukiera bete arte. Ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea.

Hitzez eta Ahotsez ekimeneko antolatzaileak iazko edizioko irudi baten.

Berritasun gisa, irakurketa maratoia Benita Uribarrena parkean izango da. Beraz, ekimen hau, pasa den urtean San Agustin Kultur Gunean egin zena, aire zabalean ospatuko da lehen aldiz. Hala ere, eguraldi txarra egiten badu Plateruena Kultur Aterpean burutuko da. “Barruan izatea badauka bere gozotasuna, erraztasunak… Baina aurten herritar gehiagori ireki nahi izan diogu. Nahiz eta partaidetza handia egoten den gure irakurraldian, Durango herri handia da eta publiko mugatu batenganaino heltzen gara. Orduan, kalera ateratzea eta formatu berri bat probatzea pentsatu dugu”, onartu du Barrenak.

Bertsotan

Irakurtzeaz gain, jendeak badu aukera bertsotan egiteko, koplak abesteko, antzezlan txiki bat eskaintzeko, dantzatzeko… “Beste diziplina batzuek ere tokia daukate, horregatik deitzen diogu irakurraldi girotua”. Nahi duten pertsona guztiek parte har dezakete. Horretarako, izena eman behar da apirilaren 21a baino lehen https://www.labur.eus/irakurraldigirotua23 formularioa betez. “Norbait inprimakiarekin ondo moldatzen ez bada, gurekin jarri ahal da harremanetan hitzezetaahotsez@gmail.com posta elektronikoaren bitartez”, zehazten dute antolatzaileek.

Jose Mari Bilbao gogoan.

Aurtengo maratoia 5 ordukoa izango denez, 150 bat pertsona batzea espero dute, parte hartzaile bakoitzak bi minutu inguru irakurtzen du eta. Hiru aukera daude: testua norberak sortzea, egile baten pasarte bat aukeratzea edo antolakuntzari  bat eskatzea. “Momentuz ez dago sorpresarik, apuntatu direnak urtero parte hartzen duten pertsonak dira. Partaide fidelak ditugu. Zoritxarrez, hasi ginenetik hainbat kide joan zaizkigu. Aurten beti irakurtzen zuten Jose Mari Bilbao eta Jose Antonio Azkorbebeitiaren falta sumatuko dugu”, azpimarratu du Barrenak.

Jose Antonio Azkorbebeitia gogoan.

Antolatzaileek herritar berriak animatu nahi dituzte ekitaldi honetan parte har dezaten irakurle gisa. “Mikrofonoak errespetua ematen du, baina gero lagunen artean egiten den gauza bat da eta helburua euskara bultzatzea da. Anima dadila, seguru ondo pasatuko dutela. Gainera, pare bat minutu besterik ez dira”, adierazi du Barrenak.

Marisa Barrena.

Hitzez eta Ahotsez 2014an antolatu zen lehenengoz herritarrak euskal literaturara hurbiltzeko helburuarekin. Harrezkero, urtero burutu da 2020an izan ezik, covid-19aren pandemiarengatik bertan behera geratu baitzen. Lehen edizioak Joseba Sarrionandia idazle iurretarraren testuak izan zituen ardatz. Horren ostean, jorratutako gaiak Itsasoa, Durangaldeko idazleak, Bidaia, Lurra, Askatasuna, Maitasuna eta Ametsak izan dira, azken hau iaz. Aurten barre egiteko txanda da.

Imanol Larrinaga durangarrak egindako kartela.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu