Jon Antón, Vega Asensio eta Luhartz, Durangoko lehen Fair Saturday jaialdian
MUGA KULTURA
Durangok lehen aldiz parte hartuko du Fair Saturday egitasmoan datorren larunbatean, musika, artea eta elkartasuna ardatz izango dituen jardunaldi batean. Bilbon sortutako mugimendu horrekin bat egingo du herriak. Egitasmoak kultura gizartea eraldatzeko tresna gisa ulertzen du, eta arte-adierazpenak hainbat gizarte-kausaren aldeko elkartasunarekin uztartzen ditu. Durangoko hainbat gunetan hiru jarduera antolatu dira, guztiak doakoak eta bakoitza elkarte baten alde.

Vega Asensio. HONTZA MUSEOA
2026ko edizioan, Fair Saturday egitasmoak 100 arte-ekitaldi bilduko ditu Bilboko eta Bizkaiko 65 gunetan, 59 gizarte-kausaren alde. Eskozian ere izango da aurten, nazioartean duen presentziari eutsiz.
Jardunaldia 12:00etan hasiko da Durangoko Arte eta Historia Museoan, Jon Antón pianistaren kontzertuarekin. Emanaldia Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkartearen alde izango da. Musikak emango dio hasiera egitarauari, eta arratsaldean artearen, zientziaren eta historian zehar emakumeek izan duten lekuaren arteko loturak hartuko du protagonismoa.
18:30ean, Vega Asensio Herrero biologo eta ilustratzaileak hitzaldia eskainiko du Landako Elkartegian, «Arte científico en femenino: Mujeres ilustradoras en la historia de la ciencia» izenburupean. Hontza Museoak (Natur Zientzien Museoa) antolatu du jarduera, Zabaltzen Sartu elkartearen alde.
Jardunaldia Luhartz taldearen emanaldiarekin amaituko da. Kontzertua 19:00etan izango da Plateruenan, Durangoko Geu Be elkartearen alde.
Herritar guztientzako kultura eta elkartasunarekiko konpromisoa
Jarduera guztiak doakoak izango dira, eta bakoitzean elkartasunerako itsulapiko bat jarriko da, bertaratzen direnek elkarte onuradunei borondatezko ekarpenak egiteko. Horrela, herritarrek kultur eskaintzaz gozatzeko eta, norberaren aukeren arabera, jarduera bakoitzari lotutako gizarte-kausari laguntzeko aukera izango dute.
Fair Saturday Fundazioak eta Durangoko Udaleko kulturako erakunde autonomoa den Astarloa Kulturgintzak finantzatu dute egitasmoa.






