Maite Atutxak kutsaduraren inguruko haur-poema liburu berria argitaratu du
MUGA OLERKIGINTZA
Maite Atutxa jatorriz Arratiakoa eta Durangon bizi den idazleak Lurra planetaren babesleak: Urtsu, Harritxo eta Izarne liburua argitaratu du. Bertsoz idatzitako haur-liburu honen bidez, haurrei kutsaduraren eta klima-aldaketaren inguruan sentsibilizatu nahi die.

Maite Atutxaren argazki bat eta liburuaren irudi bat
Istorioak hiru pertsonaia ditu protagonista, eta bakoitzak ingurumenaren arlo bati erreparatuko dio. Urtsu uraren babesaz arduratuko da; Harritxo, lurrarenaz; eta Izarneren helburu nagusia inguruko atmosfera garbi mantentzea izango da. Hiruren ahalegina, beraz, kutsaduraren aurrean jardutea izango da, irakurleen laguntzarekin.
Liburuaren hasieran, egileak bere bilobei, Libe eta Jareri, eskaintzen die lana. Irakurleei zuzendutako sarreran, Lurra planetaren eta norberaren etxearen arteko lotura egiten du: «Badakizu Lurra planeta gure etxea dela, eta badakizu, baita, norberaren etxea leku atseginena dela, ziurtasuna ematen digun tokia, zalantzak argitzeko esparrua, une gozoak disfrutatzeko bazterra, amets egiteko parajea…». Abiapuntu horretatik, gure planeta zaintzearen garrantzia azpimarratzen du Atutxak.
Egileak berak azaldu duenez, liburuak «zeharkako helburu bat du: haurrak kutsaduraren eta klima-aldaketaren inguruan nolabait sentsibilizatzea». Horretarako, bertsoa aukeratu du kontakizuna osatzeko, «memorian trebatzeko aproposa» delako.
Irakurketa arina eta familian gozatzeko modukoa
70 orrialde inguruko liburua da, eta marrazki ilustratuek kontakizuna laguntzen dute. Atutxak azpimarratu du, gainera, liburuak publiko zabala izan dezakeela: «Etxeko guztiek irakur dezakete». Irakurketa arina eta atsegina izatea ere zaindu du; egilearen hitzetan, «irakurketa ez da astuna, marrazkiak lagun dituelako».
Istorioa amaitu ondoren, gainera, irakurleei proposamen bat egiten die egileak, Lurra planeta zaintzearen aldeko esaldi batzuk idazteko eskatuz: «Idatz itzazu esaldi batzuk Lurra planeta zaintzeko, aldekoak». Horrela, liburua irakurtzeaz gain, haurrek ingurumenaren zaintzari buruz hausnartzeko eta beren ideiak idatziz adierazteko aukera dute.
Maite Atutxa MUGAko ohiko kolaboratzailea ere bada, eta hedabide honetan bere poema ederrekin parte hartzen du. Oraingoan, ordea, haurrei eta familiei zuzendutako liburu berri honekin dator, irakurketaren eta bertsoaren bidez ingurumenarekiko kontzientzia sustatzeko asmoz.









