Amorebietako haurrek doan sartu ahal izango dute Olentzeroren Baso Magikora
MUGA AMOREBIETA-ETXANO
Amorebieta-Etxanoko Udala atzo, azaroaren 17an, hasi zen udalerriko 14 urtetik beherako haurrei Olentzeroren Baso Magikoa doan bisitatzeko gonbidapen-postalak banatzen. Gonbidapen horiei esker, haurrek Jauregibarriko parkera doan sartzeko aukera izango dute azaroaren 27an, 28an eta 29an.

Postal horien bidez, herriko txikienek gonbidapen berezi bat jasoko dute baso magikoa ezagutzeko. Aurten ere, Jauregibarria argiz, kolorez eta sorpresaz betetako gune bihurtuko da. Ekimen honen bidez, Udalak Gabonetako esperientzia berezi batez familian gozatzeko aukera eskaini nahi die Zornotzako haurrei, baita parkea ikusten lehenak izateko aukera ere.
Familiek azaroaren 23tik 26ra jaso ahal izango dituzte doako sarrerak Zelaieta zentroan, 09:30etik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara. Sarrera eskuratzeko, ezinbestekoa izango da etxean jasotako gonbidapen-postala aurkeztea.
Era berean, haurrei laguntzen dieten helduek leku berean erosi ahal izango dituzte beren sarrerak. Haur bakoitzeko, gehienez ere, helduentzako bost sarrera erosi ahal izango dira.
Horrela, Amorebieta-Etxanoko haurrek Olentzeroren Baso Magikoaz gozatzeko aukera izango dute hiru egun berezi horietan, Gabonetako magia eta Jauregibarriko natura uztartuko dituen ingurune paregabe batean.







