Astelehena,
2026ko Azaroak09

MugaKultura

[location-weather id="91313"]

Gerediaga Elkarteak Astola urtekariaren 20. zenbakia argitaratu du

MUGA HISTORIA

Gerediaga elkarteak sustatzen duen Astola aldizkariak 20. zenbakia argitaratu du, eta Durangaldeko liburu-dendetan dago jada salgai. Eskualdeko ikerketa-gaiak, historia eta kultura ezagutarazteko asmoz sortu zen duela hogei urte, eta urtero hitzordu horri eusten dio. Aurtengo alea jendaurrean aurkeztu dute, irakurle, kolaboratzaile eta babesleak bertan zirela.

Xabier Amuriza. TXELU ANGOITIA

Aurkezpenean, egitasmoaren balioa nabarmendu du Gotzon Gomez Gerediaga elkarteko presidenteak. «Inguruan halako proiektu gutxi daude, eskualdearen iragana, oraina eta etorkizuna uztartzen dutenak. Izan ginena, garena eta izango garena zaindu, zabaldu eta mimoz lantzen dutenak», adierazi du. Gomezek Astolaren sortzaileen eta urte hauetan aldizkarian aritu direnen lana aitortu du, baita erakunde eta saltokien babesa eskertu ere.

Kartzela zaharretik abiatutako ametsa

Duela hogei urte, Astola izena hartu zuen kartzela zaharraren erreferentzia gisa, lagun talde batek aldizkaria sortzeko ametsa gauzatzeari ekin zion. Liburu itxurako argitalpen bat nahi zuten, edukiz eta diseinuz erakargarria, irakurleek etxean gorde eta estimatzeko modukoa.

Hasierako erredakzio taldeko kidea zen Txelu Angoitia, eta gaur egun ere bera da zuzendaria. Aurkezpenean, Jose Mari Uriarterekin egitasmoaren hastapenetan bizitako pasadizo bat gogoratu du. Aiaraldeko Aunia aldizkariko kideengana jo zuten, haien esperientzia ezagutzeko. «Gogoratzen dut Jose Mari eta biok kotxea hartu eta Amurriora joan ginela eurekin egoteko. Ondo bazkaldu genuen, galdera asko egin genien, eta bueltan, bagenekien aldizkaria egiten saiatuko ginela», azaldu du Angoitiak.

Ordutik, 130 egileren 200 artikulu inguru argitaratu ditu Astolak, 3.300 orrialde eta 4.700 irudi baino gehiagorekin.

Sorrerako bultzatzaile nagusietako bat izan zen Jose Mari Uriarte, 2020an hil zena. Gerora, Jon Irazabal eta Izaskun Ellakuriaga lankideen hutsunea ere nabaritu dute erredakzioan. Hirurei eskaini dizkie Angoitiak esker oneko hitzak, bakoitzak egitasmoari egindako ekarpena gogoratuz: Irazabalen ideiak eta memoria kolektiboaren aldeko lana; Ellakuriagaren energia, prestutasuna eta gertutasuna; eta Uriarteren ezagutza partekatzeko eskuzabaltasuna, zentzua eta adiskidetasuna.

Aurkezpen ekitaldia hunkigarria eta lagunartekoa izan da. Angoitiak eskerrak eman dizkie Astolan, modu batera edo bestera, lagundu duten guztiei.

Irakurleen iritziak eta Xabier Amurizari elkarrizketa

Hogeigarren zenbaki berezi honetan, ohiko erreportajeez gain, aldizkariaren hogei urteko ibilbideari begirako atal bat prestatu dute. Hamar irakurlek Astolari buruzko iritziak eman dituzte: Jasone Agirre, Garazi Arrizabalaga, Marisa Barrena, Belen Bengoetxea, Francisco Javier Díez, Juan Manuel Gonzalez, Mikel Onandia, Karolina Suarez, Gaizka Zabarte eta Miguel Zugaza. Horrez gainera, Jasone Agirrek Txelu Angoitiari egindako elkarrizketa ere jaso dute.

Aurtengo edukien artean, Ainhoa Urienek Xabier Amurizarekin egindako elkarrizketa gertukoa eta mamitsua dago, Etxanoko bertsolari eta idazlearen ibilbidea errepasatzeko. Foto Sol argazki-artxiboko irudiek ere badute lekua, baita 1960ko eta 1970eko hamarkadetan eskualdean piztu zen langile mugimenduari buruzko erreportajeak ere. Oraina eta etorkizuna ere landu dituzte, Hontza museoko arduradunek beren asmoen berri emanez.

Ale honetako gainerako gaiak eta egileak honako hauek dira:

  • Kurutziagako Gurutzea: berriro ere hizketan. Imanol Tabera.

Iurretaren anexioa, joan-etorriko bidaia. Markel Onaindia, Jon Irazabalen ikerlanean oinarrituta.

Nork ez du ezagutzen Bitor Garitaonandia? Pello Zabarte.

Hontza museoa. Bizitza oso bat pasio eta dedikazioz ezagutza bildu eta partekatzen. Itsaso Esteban.

Langile mugimendua eta auto-antolakuntza Durangaldean (1960-1979). Xixili Bengoetxea.

Garage Moreno. Miguel Martin.

Foto Sol. Trabajadores de la fotografía. Txelu Angoitia.

Belatxikietako San Inazio ermitak 75 urte Zazpitxaboletan. Juan Martin Iriondo.

Elorrio y sus escudos de armas. Angel Larrea.

Horiez gainera, Durangaldeko herritarrek maite dituzten txokoei eskainitako idazkiak ere bildu dituzte, Barruko ibilbideak izeneko atalean.

Astolaren hogeigarren alea Durangaldeko liburu-dendetan dago salgai eta Durangoko Azokan egongo da ere.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu