Xabier Egiarte zornotzarra, Durangoko San Agustinen Arestiri buruzko ikuskizunean
MUGA SAN AGUSTIN
Joxan Goikoetxea musikariak Gabriel Aresti Mug(H)arri sorkuntza eszenikoa aurkeztuko du abenduaren 5ean, San Agustin Kultur Gunean, Euskameratako kideekin batera.

Poeta bilbotarraren heriotzaren 50. urteurrena dela eta sortutako ikuskizuna abenduaren 5ean helduko da Durangora. Joxan Goikoetxeak gidatutako Gabriel Aresti Mug(H)arri lana 20:00etan taularatuko dute San Agustin Kultur Gunean, euskaraz eta 75 minutuko iraupenarekin.
Euskaltzaindiak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Gabriel Aresti Katedrak sustatutako sorkuntza eszeniko honek musikaren, hitzaren eta kulturaren arteko harremana izango du ardatz. Euskameratako kideekin batera, Goikoetxeak poetaren figura eta haren ondare intelektuala eta artistikoa gaur egungo ikuspegitik berreskuratzeko proposamena egingo du.

HELBURUA
Soinuzko sorkuntzaren eta hitz poetikoen arteko elkarrizketaren bidez, Arestiren pentsamendua, estetika eta iruditeria ideologikoa biziberritzea da ikuskizunaren helburua. Goikoetxea arduratu da ideiarekin, gidoiarekin, zuzendaritzarekin eta musikarekin. Beñat Egiarte zornotzarrak eta Amaia Azkuek ahotsak jarriko dituzte, Xabier de Felipek biola joko du eta Xabi Payak errezitatuak egingo ditu.
Sarrerak sei euroko prezioa du, eta San Agustin Kultur Guneko bazkideek 4,50 euro ordainduko dituzte.





