Itzal gehiago, jolas inklusiboak eta naturagune berriak Zaldibarko 16 espaziotan
MUGA ZALDIBAR
Zaldibarko Udalak herriko 16 plaza, parke eta berdegune hobetzeko proposamenak bildu ditu herritarren parte-hartzearekin egindako azterlan batean. 2025eko maiatzetik 2026ko urtarrilera bitartean garatutako prozesuak espazio horien bizigarritasuna, naturalizazioa eta irisgarritasuna lantzeko neurriak jaso ditu, aisialdirako eta elkarbizitzarako guneak egokitzeko helburuarekin. Herriko alkate Eneritz Azpitarteren arabera, herritarren ekarpenek «urrats estrategiko garrantzitsua» eman dute herria pertsonen eta haien zaintzaren erdigunean jartzeko eta klima-aldaketaren erronkari tokiko mailatik erantzuteko. Azpitartek prozesuan parte hartu duten herritarrak eskertu ditu.

Olazarko parkea.
Proposamenen artean daude zuhaitz eta itzal gehiago sortzea, jolas inklusiboak jartzea, atsedenlekuak hobetzea, ibilbide irisgarriak egokitzea eta naturarekin harremana sustatzeko elementuak gehitzea. Udalak herritarren diagnostikoa eta ekarpenak erabiliko ditu etorkizuneko jarduketak zehazteko.
Plaza eta parkeak, topagune
Bizkaiko Diputazioa plazan, herriko ekitaldien gune nagusian, hosto erorkorreko zuhaitzak landatzea, gerizpea handitzea eta jolas-elementu multifuntzionalak jartzea proposatu dute. Jose Antonio Agirre parkean, berriz, jolas-eremua irisgarriago egitea, jolas inklusiboak gehitzea, aterpea konpontzea eta zuhaitz gehiago landatzea planteatu da.
Zaldua-Solo plazan jolas-eremuaren izaera indartzeko, aterpe berria sortzea eta pergolan landare igokariak jartzea proposatu dute. Taberna-Solo parkean, liburutegiaren inguruko erabilerari lotuta, itzal gehiago, banku irisgarriak, zoru iragazkorra eta berritutako jolasak aurreikusi dituzte.
Bolatokiko eremua atsedenleku gisa egokitzea ere jasotzen du azterlanak, aterpea mantenduz, loreak landatuz eta hormetan esku-hartze artistikoak eginez. San Martin plazan, berriz, aparkalekuak saihestu, bolatokia berreskuratu, rokodromo txiki bat jarri eta horma-irudi historiko bat egiteko proposamenak bildu dira.
Olazarko zelaian, sarrerako irisgarritasuna hobetzeaz gain, baso-eremuan jolas multifuntzionalak eta esertzeko zein etzateko hiri-altzariak jartzea proposatu dute. Zaldua plazan eta eskolako jolastokian ere itzala, altzari irisgarriak eta jolas-elementu berriak dira hobekuntza-ildoetako batzuk.
Naturarekin harremana eta irisgarritasuna
Gernikako Arbola parkean zuhaitzen presentzia %30 handitzea eta berdegunea %70 zabaltzea proposatu dute, baita erreka garbitzeko URArekin elkarlanean aritzea eta material organikozko jolas-guneak sortzea ere. Zaldugain parkean zuhaitz kopurua %15 handitzea, paisaiari begirako bankuak jartzea eta jolasak berritzea aurreikusi da.
San Andres auzoko Agarre eta Zeartzape parkeetan, aterpe-guneak sortzea, zuhaitz gehiago landatzea eta jolas inklusiboak jartzea planteatu da. Erdigunerainoko pasealekua egokitzea ere proposatu dute, eta Agarreko bizilagunekin berariazko parte-hartze saioa egitea.
Ospitalearen inguruko Euskalerria kaleko berdegunean, taldeka esertzeko bankuak eta intsektuak zein hegaztiak erakartzeko elementuak jartzea proposatu da. Kiroldegiaren atzeko berdegunean, berriz, irisgarritasuna, argiztapena eta kirol-ekipamenduak hobetzea aurreikusi dute, hezkuntzarako zein aisialdirako erabilera errazteko. Olazar kaleko parketxoan zuhaitzen itzala %15 handitzea eta inguruko berdegune handiarekiko lotura indartzea ere jaso dute.
Zaldibarko alkate Eneritz Azpitarteren arabera, herritarren ekarpenek «urrats estrategiko garrantzitsua» eman dute herria pertsonen eta haien zaintzaren erdigunean jartzeko eta klima-aldaketaren erronkari tokiko mailatik erantzuteko. Azpitartek prozesuan parte hartu duten herritarrak eskertu ditu.
Udalak azterlana etorkizuneko jarduketetarako bide-orri gisa erabiliko du. Txosten osoa Zaldibarko Udalaren webgunean dago eskuragarri.






