Xabier Amurizak ‘Naiz naute’ liburu berria doan jarri du bere webgunean
MUGA BERRIZ
Xabier Amurizak literatura sortzen jarraitzen du 85 urte bete berritan. Etxanon jaiotako eta gaur egun Berrizen bizi den idazleak eta bertsolariak “Naiz naute” izeneko lana argitaratu du, bere ohiko bideari eutsiz: irakurle guztien eskura doan formatuan.

Xabier Amuriza. IBAN GORRITI (MUGA)
Lan berria Amuriza.eus atarian dago eskuragarri, PDF eta EPUB formatuetan doan jaisteko aukera emanez. Egileak azken urteotan egin duen bezala, literatura partekatzeko modu irekiaren alde egin du beste behin ere.
Obrak tonu intimo eta pertsonala dauka hasieratik bertatik. Amurizak bere biloba Euri-ri eskaini dio lana, euskaraz aitonari deitzeko erabiltzen diren hitz ugarien bidez egindako dedikazio berezi batean. Familia, memoria eta hizkuntzaren aberastasuna uztartzen dira lehen lerroetan.
Liburuko pasarteetan haurtzaroko oroitzapenak, barne mundua eta bizipen sakonak ageri dira. Besteak beste, amamaren esne beroaren inguruko oroitzapen hunkigarria jasotzen du egileak; haren esanetan, sendabiderik onena zen ia edozein gaitzentzat.
“Sotana naufragoa” izeneko atalean, berriz, gaztetako pasadizo eta gogoetak uztartzen ditu. Mendexatik Gizaburuagara egindako gau bateko bidaia poetikoki kontatzen du, ilargiaren argipean eta itsasoaren irudiek lagunduta.
85 urterekin ere, Amurizak bere unibertso literarioa elikatzen jarraitzen du, oroimenari, hizkuntzari eta barruko sentipenei lotutako idazkerarekin.







