«Tabirako igerilekuak ekainaren 18an irekiko dira»
TESTUA · DURANGOKO UDALA
Uda iristearekin batera, Tabirako udako igerilekuak ekainaren 18an irekiko dira, eta egun horretan bertan Aramotz eta Tabirako ur parkeak ere martxan jarriko dira, udalerrian uda denboraldiari hasiera emanez. Neurri horrekin, Udalak kirol eta aisialdi zerbitzua indartzen du, herritarrei bero handieneko hilabeteetarako egokitutako espazioak eskainiz.

Bihartik aurrera, maiatzak 21, eskuragarri egongo dira denboraldiko bonuak. Horiek Durango Kirolak APParen bidez erosi ahal izango dira, www.durangokirolak.net webgunean, edo aurrez aurre Landako II bulegoan, arreta presentziala eta kanal digitalak uztartuz.
Aurrerapenak Tabira Kirolgunean
Igerilekuak irekitzea lehentasunetako bat izan da Tabira Kirolgunea eraldatzeko prozesuaren baitan, 2023-2027 Legegintzaldiko Planaren proiektu estrategikoetako bat baita. Datozen egunetan amaituko da iragazketa gelaren instalazioa eta dagozkion probak egingo dira. Jarduera hori funtsezkoa da igerilekuek udako denboraldi osoan behar bezala jardungo dutela bermatzeko.
Denboraldi honetarako, eta azken aldiz, erabiltzaileek aldagela modularak erabiliko dituzte. Futbol zelaiko hainbat aldagela, berriz, sarbide espezifikoa duten dutxetarako prestatuko dira. Udako denboraldia amaitu ondoren, urrian hasiko dira aldagela eta kafetegi berrien lanak, udako hilabeteetan eragozpenak saihestuz. Tabira Kirolgunea faseka berrituko da 2026tik 2028ra, eta instalazio berriek erabilera anitzeko kantxa, kafetegia eta futbol zelaia izango dituzte, modernoak, funtzionalak eta pertsona guztientzat irisgarriak.
Iker Txertudi Kirol zinegotziak nabarmendu duenez: “Udako igerilekuen irekiera bermatzea lehentasuna zen Udalarentzat. Lanek erritmo onean egiten dute aurrera, eta durangarrek ekainaren 18tik aurrera instalazioez gozatu ahal izateko aurreikusitako epeak betetzen ari gara.” Era berean gaineratu du, proiektu hau “mugarri bat dela Durangoko kirolarentzat”, eguneratze sakona behar zuten espazioak modernizatzen baititu.
Tabira Kirolgunea eraldatzea Durangoko Udalaren apustua da, kirola osasuna, gizarte kohesioa eta bizi-kalitatea sustatzeko bide gisa bultzatzea eta herritarren egungo beharrak asetzeko instalazio egokiak eskaintzea.







