Amorebietako ‘In memoriam’-ek hiru belaunaldiren oroimena irudikatu zuen atzo
TESTUA · SACZ
Sirena antiaereoen hotsarekin eta hegazkin faxistetatik erortzen ari ziren bonben txistuarekin hasi da, aurten ere, Zornoza Elkarte Artistiko-Kulturalak (SACZ), Gregorio Arrienen ekimenari esker, antolatzen duen In memoriam ekitaldia; izan ere, historialariek 1937ko maiatzaren 18a ezarri zuten tropa frankistek Amorebieta-Etxano modu eraginkorrean hartu zuteneko data gisa.

Ekitaldian, gure Elkarteko “Zornoza Abesbatzarekin” batera, herriko hainbat kultur erakunden partaidetza izan da. Bertan izan dira Udazken txistulari taldea, Udabarri Dantza Taldea eta Andra Mari Ikastolako Gurasoen abesbatza, Abes-Kimu eta Xuxurlariak abesbatzak.
Ohikoa denez ekitaldia xumea izan da, baina hurbilekoa eta hunkigarria, eta gure herriaren historia zabaltzen laguntzea du helburu, familia askotan sortu zuen sufrimendua errespetatuz.
In memoriam-ek hiru belaunaldiren oroimena irudikatzen du: ondorioak zuzenean jasan zituztenena, bizitakoaren zeharkako ezagutza izan zutenena eta azken gerra zibilaren berri izan dutenena, urruneko zerbait bezala ikusi arren. Ekitaldi honek, aurten ere, hiru bizipen horiek batu nahi ditu, gerra zibila bezalako gertaera historiko mingarri baten hariaren bidez.
Aire-sirenak isilduta, Zornoza Abesbatzak Guillermo Lazkano konpositore donostiarraren «Gerra zitala» interpretatu du.
Iran, Ukraina eta Gazako gerra izugarriak gogoratu ondoren, baita munduan aktibo dauden 30 gatazka armatu baino gehiago ere (horien artean, Sudan, Myanmar, Yemen, Saheleko eskualdea, Kongoko errepublika demokratikoko gizarteek sufritzen dabezan gatazkak dagoz…), honelako ekitaldiak basakeri hori jasaten ari direnengana hurbiltzen gaituzte eta modu esplizituagoan adierazten digute bakerako deiaren indarraldia.
Ekitaldi honen muina haritzaren oinean dagoan plakan egiten dan lore-eskaintza da.
Lore eskaintza, Aita Roman Urtiagaren oroimenean Larrako Karmeldarrak egin dute.
1937ko maiatzaren 19eko eguerdian, Oriamendi Tertzioko hirugarren konpainiako erreketeek Aita Roman Urtiaga atxilotu eta fusilatu zuten Larrako komentuko hormaren kontra.
Askatasunekin eta euskal kulturarekin eukan konpromisoagaitik fusilatu zuten Aita Román, eta badirudi bera izan zala gerran hildako azken euskal erlijiosoa.
Beñat Gaztelurrutia «Gerediaga Elkarteko» kideak ere parte hartu du ekitaldian.
Gerrako gertaera jakin batzuk (fusilamenduak, bonbardaketak…) duela urte batzuk elkarte eta talde memorialistek gertatutakoaren narratiba berreskuratzeko bidea hasteko pizgarri izan zirela azpimarratu ondoren, gaur egun une historiko hartaz eta gure herriak pairatutakoaz askoz gehiago ezagutzen dela adierazi zuen.
Gerediaga Elkarteak gaur egun «Intxorta 1927 Kultur Elkartearekin» eta «Memory as Transgenerational Care» ikerketa-taldearekin batera «gerrako haurrei» buruz egiten ari den lanari dagokionez, gerratik ihes egiteko Durangaldea utzi zuten eta Frantzia eta Ingalaterrara (batez ere) joan ziran adin txikikoei buruzko datuak biltzearen aurrerapena nabarmendu zuen.
Azterlana Durangaldeko gerrako 500 haur baino gehiago identifikatzeko gai izan da. Udalerrien araberako zerrendak prestatu dira, eta eskuragarri daude bai Gerediaga Elkartearen webgunean, bai eskualdeko hainbat udalen webgunetan.
Gaztelurrutiak bertaratutakoei Amorebieta-Etxanoko zerrenda kontsultatzeko deia egin zien, haurren bat falta dela identifikatuz gero zerrenda osatzeko eta ezagutzen dituzten kasuei buruzko informazio osagarria emateko.
Ekitaldiari amaiera emateko, Abes-kimu, Andra Mari Ikastolako Gurasoak, Zornoza eta Xuxurlariak abesbatzak eta ekitaldira hurreratutako lagunak «Txoria Txori» abestu zuten.








