Ostirala,
2024ko Apirilak26

MugaKultura

loader-image
Durango
10:49 am,
temperature icon 13°C
Humidity 77 %
Ráfagas de viento: 9 Km/h

Aitor Larruzea, bere txapel, azal beltzaran eta sinpatiagatik nabarmentzen zen zornotzarra

Muga memorian

Aitor Larruzea Oarbeaskoa, 54 urteko zornotzarra, herrian oso ezaguna eta maitatua zen pertsona, Alacanteko Alfaz de Pi herrian zendu zen pasa den asteburuan. 2018tik Sociedad Deportiva Amorebietako zuzendaritza batzordeko kide zen eta bertara liga partida bat jokatu behar zuen urdinen lehen taldearekin bidaiatu zuen. Klubak omenaldi bat eskainiko dio igande honetan Urritxen, egindako lan guztia eskertzeko eta merezitako agur polit bat emateko. Ziur aski, Aitorrek zerutik animatzen jarraituko du. Bere txapelarekin. Bere azal beltzaranarekin. Bere sinpatiarekin. Beti laguntzeko prest.

Txikitan.

Sociedad Deportiva Amorebietak igande honetan omenduko du Aitor Larruzea Oarbeaskoa, joan den larunbatean Alacanteko Alfaz de Pi herrian lehen taldearekin zegoela hil zen klubeko zuzendaritza batzordeko kidea. Aitor, Amorebieta-Etxanon oso maitatua zen 54 urteko zornotzarra, taldea zegoen hoteleko logelan aurkitu zuten hilik, CF La Nuciaren aurka jokatu baino ordu batzuk lehenago. Bizi izandako egoera tragikoagatik, partida bertan behera geratu zen. Igande honetan, martxoak 19, 12:00etan, urdinek Urritxen jokatu behar dute UE Cornellaren kontra, Lehen Federazioko 28. jardunaldiari dagokion norgehiagokan. Asteazkenean Andra Mari elizan egin zen hileta elizkizunaren ondoren, klubak azken agurra emango dio neurketa hau aprobetxatuz, partidaren atarian burutuko den ekitaldi txiki baten bitartez.

Aitor eta bere emaztea: Ainhoa.

Aitor eta Ainhoa, bere emaztea.Ziur zerutik animatuko duen Aitorrentzat omenaldi onena urdinek 3 puntuak eskuratzea eta Bigarren Mailara igotzeko borrokan beste urrats bat ematea izango litzatekeela. Eta horretan saiatuko da taldea, Haritz Mujika entrenatzaileak esan duen bezala. Irabaztera irtengo dira Aitorri garaipena eskaintzeko. Amorebietako zale amorratua zelako. Klubak bere falta sumatuko du hemendik aurrera, beti laguntzen ari baitzen. Urritxen lehen taldearekin edo Txolonen harrobiarekin. Baina beti zegoen prest behar zen guztian laguntzeko. Estadiotik kanpora joaten ziren baloiak jasotzera joateko, ateren bat zaintzeko, jokalariei eta entrenatzaileei laguntzeko… Esaten den bezala, klubeko gizon bat zen. Oso Athleticzalea ere bazen. Txirrindularitza zen bere beste grina handietako bat. Oso ezaguna zen zikloturista gisa Durangaldeko errepideetan.

Larruzea oporretan.

Perla, jende askok deitzen zion bezala, oso maitatua zen Amorebieta-Etxanon. Andra Mari eliza txiki geratu zen asteazkenean bere hiletan. Ia mundu guztiak ezagutzen zuen eta estimatzen zuen. Eta ez bakarrik bere herrian, baita eskualde osoan ere. Izan ere, Durangon ikasi zuen eta Abadiño klubean jokatu zuen futbolean gazteago zenean. Askok Juantxu jatetxeko zerbitzari bezala ezagutu zuten bere garaian. Bere gurasoen –Juan Larruzea eta Asun Oarbeaskoa– jatetxea zen hura. Gainera, Aitor oso erraz identifikatzen zen pertsona bat zen. Bere azal beltzaranagatik. Ia beti buruan eramaten zuen txapelagatik. Eta batez ere, bere sinpatiagatik. Goian bego, lagun!.

Aitor SDAren zuzendaritzean (2018-2019).

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu