Asteazkena,
2024ko Maiatzak01

MugaKultura

loader-image
Durango
7:36 am,
temperature icon 9°C
Humidity 99 %
Ráfagas de viento: 6 Km/h

PEIO: “Larunbatean aurkeztuko dugun Broken Salad proiektua rap klasikoaren eta brass band soinuen nahasketa da”

Jon Baraja

Peio Azkarate Elejebarrieta rapero durangarra bere bakarkako lehen diskoa prestatzen ari da. Izan ere, Malakiasek sortutako baseekin, lan honen bigarren aurrerapen abestia atera berri du, Seilaugaz izenburuarekin. Gainera, taldekako proiektu berritzaile eta original batean murgilduta dago, larunbat honetan Plateruenan aurkeztuko dena: Broken Salad. “Brass band soinuen eta rap klasikoaren nahasketa bat da”, dio Peiok.

Peio.

Musikazaleek ezinbesteko hitzordua dute Plateruenan larunbat honetan, martxoak 4. 22:00etatik aurrera Broken Salad taldeak bere lehen diskoa aurkeztuko du: Beat, Brass & Salad. Proiektu berritzaile honetako kideetako bat Peio Azkarate Elejebarrieta rapero durangarra da. “Brass band soinuen eta rap klasikoaren nahasketa bat da”, aurreratu dio MUGA-ri 25 urteko MC gazteak.

Broken Salad.

Hip-hop estiloa New Orleanseko brass band musikarekin uztartzen duen talde hau, haizezko instrumentuak eta kontrabaxu bat erabiliz, konfinamendu garaian hasi zen forma hartzen. Arkaitz Cayado ‘Itsua’ DJ durangarrak eta Broken Brothers Brass Band-eko A. Aretak, kontrabaxua jotzen duena, abiatu zuten zerbait berezia sortzeko asmoz. Horrela jaio zen proiektu original hau. MC gisa Peio sin mas durangarrarekin batera Zaldibarren bizi den Gun2flow senegaldarra eta Dirty Moyo gasteiztarra ere MC gisa aritzen dira. Sarrerak 12 euroko prezioa izango du. Ez dira haiek bakarrik egongo Plateruenan, Odei Barroso Iparraldeko raperoak ere kontzertua eskainiko du eta.

Beste alde batetik, Peio bere bakarkako lehen diskoa lantzen ari da. Orain dela hilabete batzuk Gureñe deituriko abestia argitaratu ostean, lan honen bigarren aurrerapen kanta atera berri du: Seilaugaz. “Laura nire bikotekidea izan zen 6 urtez. Horri egiten dio erreferentzia izenburuak. 6 urte Lauragaz”, azaltzen du raperoak. “Abestian zergatik amaitu genuen, zein sentzazio nituen edota bikote arazoak jorratzen ditut. Bizitako egoerak isladatzen ditut”, onartzen du N2OGU Euskal Herriko hip-hop kolektiboko kide den gazteak.

Beat Salad Records disketxeak argitaratutako kanta honetarako baseak egin dizkion Beñat Molina ‘Malakias’ durangarraren laguntza izan du. Bideoklip osoan biak kotxe baten barruan agertzen dira, San Juan de Momoitiotik Iurretara doan errepidea jaizten, plano bakarrean. “Bideoklipa toma bakarra izatea nahi nuen, Gureñekoa bezala. Gainera, Beñaten kotxea oso mitikoa da”, azaltzen du Peiok. “Irudiak Iker Maguk grabatu zituen, oso gomendagarria den Katu taldeko kidea”, azpimarratzen du MCak, 2020an ‘Jostailua eta Harria’ deituriko diskoa kaleratu zuena Itsua beatmakerrarekin batera.

Orain dela 5 urte gutxi gorabehera barneratu zen Peio musika estilo honetan. “Garai apur bat eskasa igarotzen ari nintzen eta lagun batek berari idaztea ondo funtzionatzen zitzaiola esan zidan. Nik rap entzuten nuen eta gainera bertsoen mundutik nator. Horrela hasi nintzen kantak idazten”, gogoratzen du. Bere ustez, rap-a eta bertsolaritza zerikusia daukate, baina nahasketa oso arriskutsua da. “Euskal Herriko rapero askori gehiegi nabaritzen zaie bertsoak egiten ari direla. Erlazioa daukate, baina uste dut ez direla nahastu behar, emaitza apur bat ‘pastosoa’ izaten delako”, hausnartzen du Peiok, bihar, hilak 3, N2OGU-ko beste MC batzuekin batera Gasteizko Ardo Ona tabernan egongo dena langileen borroka omentzeko egingo den kontzertu batean, 19:30etik aurrera doako sarrerarekin.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu