Igandea,
2024ko Maiatzak12

MugaKultura

loader-image
Durango
5:20 pm,
temperature icon 18°C
Humidity 56 %
Ráfagas de viento: 8 Km/h

I. IRASIZABAL: “’Otsoa etorriko da’ nobelak delituen inguruan hausnartzen du eta gizartearekiko begirada kritikoa dauka”

Jon Baraja

Amorebieta-Etxanon bizi den Iñaki Irasizabal durangarrak liburu berria argitaratu du: Otsoa etorriko da. Heriotza beti presente duen nobela beltz honetako protagonista Maider da, txikitatik oso bizitza gogorra izan duen 28 urteko emakume bilbotarra. “Ingurukoen zaintzaren ardura beregain hartzen du eta horrek ondorio eskasak dituzten erabakiak hartzera behartzen du”, dio egileak.

Iñaki Irasizabal.

Otsoa etorriko da ohiko esaldi bat da ipuinetan, hauetan beti dagoelako arrisku edo beldurren bat.  Iñaki Irasizabalek argitaratu berri duen nobelan gauza bera gertatzen da. Protagonistaren gainean beti dago mehatxuren bat. Higinia Garay artistak egindako azalean ondo irudikatzen da liburuak kontatzen duen istorioa: emakume bat eta hiru gizonez osatutako otso bat agertzen dira.

Protagonista Maider da, 28 urteko bilbotarra, txikitatik bizitza oso gogorra izan duen emakumea. 7 urteko seme bat du, bere neba desagerturik dago eta bere aita hilzorian dago. “Asko maite duenak asko sufritzen duela diote. Maiderrek, maite dituenak asko maite ditu, eta hori da istorio guztia mugitzen duena. Inork agindu ez dion arren, ingurukoen zaintzaren ardura beregain hartzen du. Horrek sarritan estualditan jartzen du eta erabakiak hartzera behartzen du. Bera oso oldarkorra da eta horrek ondorio eskasak dituzten erabakiak hartzera eramaten du,  baina haien atzean maitasuna dago”, azaldu du Irasizabalek Donostian burututako aurkezpenean.  “Batez ere, berak nahi duena bizi irautea da, duintasun minimo batekin”, gehitu du idazleak.

Elkar argitaletxearen eskutik publikatutako liburuak heriotzekin edo heriotz arriskuarekin hasi eta bukatzen da. “Heriotza beti dago presente”, aitortu du egileak. “Nobela beltzetan, normalean, hasieran delitu larri bat egoten da, ikertzaile bat, susmagarri batzuk… Eta azkenean dena argitzen da. Niretzat hori bide estuegia da. Nik ez dut hori egiten. Generoen mugan idazten ahalegintzen naiz beti. Orduan, hau mugako nobela bat izango litzateke. Hala ere, beltza dela esan daiteke  delituen inguruan hausnartu egiten duelako eta gizartearekiko begirada edo analisi kritikoa daukalako. Baldintza bi horiek nobela beltza bihurtzen dutela uste dut”, azaldu du durangarrak.

Bilboko periferiako auzoetan garatzen da

Otsoa etorriko da obran hainbat gai jorratzen dira, besteak beste protagonistak lanean sufritzen duen jazarpen sexual bat. Istorioa Bilboko periferiako auzoetan garatzen da. Izan ere, Maider Rekaldekoa da eta eszena garrantzitsu bat Zorrotzaurren kokatzen da. Bigarren mailako pertsonai ugari agertzen dira, delituen mundutik nahiko gertu dabilenak, haien artean bere aita eta bere neba. Armani ezizena duen gangster bat ere dago, “dotore janztea gustatzen zaiolako eta arropetan armak sartzen dituelako”, argitu du hamar eleberri inguru argitaratu dituen idazleak, gehienak thriller itxurakoak. “Nire aurreko lanekin alderatuta, honek eszena samur gehiago ditu”, aipatu du.

Etorkizunari begira, proiektu berriak ditu bere buruan eleberriez gain ipuin-bilduma pare bat ere idatzi dituen durangarrak. “Nobela baten argumentua garatzen nabil eta mikro ipuin batzuk idatzita dauzkat ere, baina orain ezer garbirik ez”, aurreratu du Irasizabalek.

‘OTSOA ETORRIKO DA’ · Iñaki Irasizabal durangarrak bere nobela berria aurkeztuko du bihar Donostian

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu