1955etik eta urte askotarako!
Unai Laso buruz burukoaren txapeldunak eta Erkiaga eta Eneritz munduko zesta txapeldunek, besteak beste, inauguratuko dute Durangoko pilotaleku berritua.
Hamar hilabeteko lanen eta 1.271.826 euroko inbertsioaren ondoren, Durangoko Udalak Ezkurdi Jai Alai frontoiko ateak irekiko ditu berriro hurrengo asteburuan, esku pilota eta lehen mailako zesta punta partidekin. 1955ean eraikitako frontoian egindako lanen helburu nagusiak estalkia ordezkatzea, irisgarritasuna, jolasgunea hobetzea eta energia eraginkortasuna hobetzea izan dira. Orain, azken egunetan garbiketa lanak egingo dira frontoia txukuntzeko.
Urtarrilaren 27an, ostirala, zesta punta partidekin hasiko da asteburua. Helena – Eneritz eta Erika – Maialen bikoteek hasiera partida jokatuko dute, eta, ondoren, Erkiaga – Zabala eta Goiko – Leke bikoteen txanda izango da.
Urtarrilaren 29an, igandean, esku pilotaren txanda izango da. Durangoko pilota eskolako gazteen partiden ondoren, Unai Laso manomanistako txapeldunak, Uriondorekin batera, Artola eta Morgaetxebarriaren aurka jokatuko du.
Prentsaurrekoan, udal arduradunez gain, Laso, Morgaetxebarria, Erkiaga eta Lizardi pilotariak izan dira. Bertan, Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak Durangoko pilotaleku historikoa berriro irekitzearen garrantzia azpimarratu dute: “Gaur egun oso pozgarria da. Datorren asteko irekierak pilotaleku honi inoiz galdu behar ez zuen distira itzultzea ekarriko du. Gainera, gaur bezala, Euskal Herriko pilotari eta puntista onenez inguratuta egongo gara, eta horrek frontoi honen garrantzia adierazten du”.
Garrantzia
Bestalde, Unai Iglesias eta Zigor Etxebarriak, Baiko-ko zein Eraman-eko arduradunek, Ezkurdi Jai Alai pilotalekua zirkuitu profesionalerako berreskuratzearen garrantzia azpimarratu dute.
Frontoiaren birmoldaketa gobernu taldeak legegintzaldiaren hasieran bere Gobernu Planean sartu zuen neurrietako bat izan da. Horrela, Udalak irtenbidea eman die pilota, zesta eta pala kluben aspaldiko aldarrikapenei. Izan ere, klub horiek urteak zeramatzaten instalazioak berritzeko eskatzen, mantenimendu faltagatik eta estalkitik ura etengabe iragazteagatik.
Partiduetarako sarrerak www.durango.eus web gunearen bidez eros daitezke.