Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak Gerediagako Batzarretxeko horma-irudiari egindako erasoa gaitzetsi dau
Ana Otadui elorriarrak, Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak, Abadiñoko Gerediagako San Salbadorreko Batzarretxeko horma-irudi-kartelak jasan dauen erasoa deitoratu eta gaitzetsi dau. Ezezagunek harrika apurtu dabe Batzarretxearen historiaren ganean berba egiten dauen horma-irudietako bat. Gerediagakoa Bizkaiko Foru Batzarren egoitza ofizialetako bat da, eta beste biak Gernikako eta Abellanedako Batzarretxeak dira. Urtero egiten dira bertan Batzarretako osoko saioak.
Erasoa jasan dauen barrutia jente guztiarentzako zabalik dago, herritarrek halan eskatuta. Abadiñoko udaltzainak jaubetu ziran erasoaz, asteleheneko azkenengo orduan barrutia ixtera joan ziranean.
Imanol Larrinaga artistak egindako kartelak Durangaldeko Merinaldeko udalerri bakotxeko ordezkariak erakusten ditu. Antxinako politikan funtsezkoa izan zan barrutiaren historia kontetan dauen horma-irudietako bat da. Otaduik gure ondarearen parte dan barruti historikoaren aurreko errespetua eskatu dau, eta bere itxaropena erakutsi dau, holango erasorik barriro gertatu ez daiten.
Gerediagako San Salbador eta San Klementeren ermitea 2003. urtean eskuratu jaken Bizkaiko Batzar Nagusiei. Toki horretan Durangoko Merinaldeko Batzar Nagusiak egiten ziran antxina-antxinatik eta gaur egun Bizkaiko Batzar Nagusien Osoko Batzarrak egiteko erabilten da noizean behin.
Nafarroako erreinuaren muga
Leku honen historiak Ertarora arte garoaz. Antxinean, Durangaldeak bizitza politiko autonomoa izan eban, eta bertako arazoez erabagiteko burujabetasuna eukan. Izan be, Bizkaitik bereiztuta bizi izan zan garai baten, Nafarroako erreinuaren muga be izan zan-eta. Gerora, Gernikako Batzar Nagusietan parte hartzen ebanean, inoiz ez zan izaten eleizateen ordezkarien bitartez, Gerediagako Batzarraren ordezkarien bitartez baino: ordezkari bi bialtzen zituan 1628. urtetik aurrera, bost 1740. urtetik aurrera eta zortzi 1800. urtetik aurrera.
Rompen a pedradas un cartel mural de la Casa de Juntas de San Salbador de Gerediaga de Abadiño