Igandea,
2024ko Maiatzak05

MugaKultura

loader-image
Durango
10:41 pm,
temperature icon 13°C
Humidity 100 %
Ráfagas de viento: 15 Km/h

AMANKOMUNAZGOA: «Marihuana eta hatxisaren kontsumoa gutxitu egin da azken hamabi urteetan Durangaldean»

Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoko Adikzioen Prebentziorako Zerbitzuak garatu duen «Droga eta teknologia berrien erabilerari buruzko ezagutza, jarrera eta ohiturak» ikerketa aurkeztu zuten atzo Durangon. Aurkezpenean, Aitor Lopez Amankomunazgoaren presidenteak, Vicente Fernandez Adikzioen Prebentziorako Komunitarioko Zerbitzuen Arduradunak eta Amaia Sarrionandia Adikzioen Prebentzio Zerbitzuko hezitzaileak parte hartu zuten.

LHko hirugarren zikloko, DBH, Batxilergo eta Lanbide Ikasketetako ikasleek drogen eta teknologia berrien inguruan dauzkaten ezagutza, jarrerak eta ohiturak aztertu dira ikerketan. Horretarako, guztira, 2.244 inkesta egin ziren Durangaldeko ikastetxe desberdinetan 2016ko urrian. Inkestatuen adin tartea 9 eta 20 urte artekoa izan zen. %45,9a (1.030) emakumeak izan eta %53,4a (1.199) gizonak. 2008 eta 2012. urteetan ere ikerketa bera burutu zuen Amankomunazgoak.

Adikzioen ikerketa prentsa oharra-2

Honakoak dira ikerketaren ondorio nagusietako batzuk:

1. Drogen kontsumoen eboluzioa:

ALKOHOLA: Inkesta egin dutenen artean gehien kontsumitzen den droga da alkohola. Alkohola probatzeko batez besteko adina 13 urte eta hilabetekoa da eta alkohola ohituraz kontsumitzen duten gazteen kopurua jaitsi egin da orokorrean baina igo egin da 19 eta 20 urte dituzten gazteen artean.

TABAKOA: Tabakoa probatzeko batez besteko adina 14 urte eta 4 hilabetekoa da. Aurreko ikerketarekin konparatuta 6 hilabete atzeratu da tabakoa probatzeko batez besteko adina. 2016an tabakoa probatu duen ikasle kopurua (%35,2) jaitsi egin da, beste urteetako ikerketekin konparatuz (bai 2018an bai 2012an %48).

2008 eta 2012ko ikerketetan tabakoa alkohola baino lehenago probatzen zen baina 2016ko inkestan alderantziz izan da.

KANNABISA: Marihuana eta hatxisaren kontsumoa gutxitu egin da azken hamabi urteetan eta batez ere azkenengo 4 urteetan. 2008 inkestan parte hartutakoen %41ak eta 2012an %38k probatu bazuten, 2016an %29k probatu du. Kontsumitzen hasteko adina ere atzeratu egin da: 2008an kontsumitzeko “adin tipoa” 14 urte ziren eta 2016an 15 urte eta hilabete. Substantziaren ohiturazko kontsumoari dagokionez ere beherakada bat egon da azken lau urte hauetan eta hatxisa inoiz probatu ez duen pertsona gehiago dago.

GAINERAKO DROGAK: Gainerako drogen kontsumoa (kokaina, speeda etab.) nabarmen jaitsi da 2008 eta 2012ko ikerketekin alderatuta eta drogen ohiko kontsumoa %1etik behera mantentzen da ia kasu guztietan.

2. Teknologia berriak:

Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoko Adikzioen Prebentziorako Zerbitzua 2014an hasi zen adikzio berriak edo “substantzia gabeko adikzioak” lantzen. 2016ko ikerketan lehen aldiz aztertu da aspektu hau, eta beraz, ez dago aurreko ikerketekin konparaketa egiteko daturik.
Hala ere, ikerketak datu interesgarriak eskaintzen ditu: Laburbilduz:

· Bideo-jokoak, Internet edota sare sozialak erabiltzeko beraien eginbeharrak (lagunekin egon, jan, lo egin, ikasi etab.) alde batera “asko” uzten dituzte ikasleen %6,3k (141 ikasle) eta “gutxi” %34,1ak (765 ikasle), mutilak, gehienbat.

· Bideojokoekin jolasten dutenen artean %29,2a bere adin tarterako gomendatuta ez dauden bideojokoekin jolasten du.

· %14,7k Komunikatzeko segurtasun handiagoa sentitzen du hau Whatsapp edo sare sozialen bidez egiten duenean.

· %26,4k jende berria ezagutzeko sare sozialak erabiltzen ditu eta %18,6ri errazago egiten zaio kalean baino sare sozialen bidez jendea ezagutzea.

· Sare sozialen bidez jende berria ezagutzen dutenen artean %65,3k arretaz jokatzen du informazioa ematerako edo pertsona horrekin geratzeko orduan.

· Apustuak egiten dituztenen artean gehienak kalera ateratzen dira apustuak egitera. Gutxiengo bat da internet bidez egiten duena. Apustuetan mutilak aritzen dira nabarmen gehiago.

Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoarentzat oso esanguratsua da ikerketa honen ekarpena. Ildo horretatik, gaur egun gazteek bizi dituzten errealitate eta bizipenen «erradiografia zehatz» gisa deskribatu dute, eta nabarmendu dute aurrerantzean kontuan hartuko dituztela ikerketak azaleratutako datuak beren jardueretan.

Aitor Lopez, Amankomunazgoko presidenteak, «on egitea»-ren filosofia izan du hizpide aurkezpenean. Amankomunazgoaren egitekoa «on egitea» dela nabarmendu du, izan adikzioen prebentzioan, izan ongizatearen esparruan zein Amankomunazgoak lantzen dituen gainerako
zerbitzuetan ere.

· Filosofia · «On egitea»-z aparte, «ondo egitea»-ren garrantzia ere mintzagai izan du, «kudeaketa modu arduratsu, garden eta zintzoan».
Era berean, Adikzioen Prebentzioetako Zerbitzutik aurrera eramaten diren ekintzak jarri ditu balioan: ikastetxeetan prebentzioan egindako lanaz gain, beste hainbat lan-lerro azpimarratuz, hala nola, gurasoentzako herriz herri egiten diren saioak, erretzeari uzteko ikastaroak, herrietako jaietan alkoholaren inguruko informazioa eskaintzea, tabakorik gabeko nazioarteko egunean egindako ekimenak, etab.

«Ikerketak emandako datu hauekin zerbitzu horiek guztiak egokitzen eta hobetzen jarraituko dugu eta, noski, jarraipena egiten jarraituko dugu, gure gazteen etorkizuna zoriontsuagoa eta oparoagoa izatea nahi dugulako; eta, esku artean datu eta informazio zehatza izatea, on egiteko formarik onena delako», adierazi du Aitor Lopezek.

 

AMANKOMUNAZGOA: «Marihuana eta hatxisaren kontsumoa gutxitu egin da azken hamabi urteetan Durangaldean»

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu