Mallabiko kultur hamabostaldia maiatzaren 18tik ekainaren 11ra egingo da
Izaskun Ellakuriaga
Indartsu emango diote hasiera Mallabian kultur hamabostaldiari. Ostiral honetan, Alex Txikon mendizalea gonbidatu dute herrira arratiarrak bere azken abenturak kontatu ditzan. Egitarauko beste ekitaldi nagusia, nekazal eta artisautza azoka, ekainaren 4an egingo da.
Mallabiko Udalak eta herriko taldeek antolatzen dute urtero maiatzaren amaierarako kultur hamabostaldia. Kultura ekitaldiak eta kirol jarduerak nagusitzen dira.
Kirolari dagokionez, “Biharko Izarrak” esku pilota txapelketaren partidak ia egunero izango dira frontoian, eta finala ekainaren 9an jokatuko da. Horrekin batera, Mallabia Cup areto-futbola torneoa, euskararen aldeko futbito maratoia, umeentzat mendi irteera, frontenis txapelketa edota gimnasia erritmika erakustaldia izango dira.
Hitzaldiak ere hainbat izango dira. Android telefono mugikorren sistemari buruzkoa, adinean aurrera doazenentzat osasuntsu egoteko aukerak, bullying eta ziberbullying edota Mallabiako narrasti eta anfibioak izango dira berbagai.
Kultur ekitaldietan dantzak eta kantuak nabarmentzen dira: Gazte Alai dantza taldearen dantza erakusketa maiatzaren 27an izango da, kantu kolore taldearen erromeria maiatzaren 28an, eta ekainaren 3an Jasokunde, Mendibil eta Lagun Artean abesbatzen kontzertua egingo da.
Mallabiko kultur hamabostaldiko egun nagusia ekainaren 4koa izango da. Asko gerturatzen dira inguruko herritetatik Mallabian antolatzen duten nekazal eta artisautza azokara. Goizeko 10etatik frontoian egingo da eta Bollegui medikuari omenaldia egingo zaio. Bien bitartean, gaztetxoentzat bide-segurtasunean sentsibilizatzeko ekitaldiak eta multiabentura parkea atonduko dituzte parkean.
Etiquetas: Hamabostaldia, Mallabia