ELKARTASUNA SAHARAN · EHUko Durangaldeko ikasle talde batek EREITEN proiektua ezagutzera emango du eskualdean
Izaskun Ellakuriaga
2013an abian jarri zuen Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Hezkuntzako ikasle talde batek EREITEN. Helburua, Saharako kanpamentuetako eguneroko bizitza leuntzea da. Horretarako, proiektua ezagutzera eman eta autofinantziazio kanpainak egingo dituzte.
Aurtengorako taldeak jarritako helburuak hainbat dira: orain hilabete batzuk kanpamentuetan izandako uholdeek utzitako egoera leuntzea, tartean hondatutako etxebizitzak berreraikiz; adingabeekin ekintza ezberdinak aurrera eramatea, batez ere udan Europara etortzea ezinezko duten haurrekin; oinarrizko beharrizanak asetzeko material bilketa, eta Sahararen errealitatea ulertzeko baliogarriak izango diren bisita antolatuak egitea.
· Durangaldean ekintzak maiatzaren 1ean· Durangaldeko taldea aipatutako helburuekin dagoeneko badabil lanean. Besteak beste, arlo publiko zein pribatuaren bitartez osasun material bilketa egiten ari dira. Tabirako saskibaloi taldearekin ere bestelako materiala biltzeko harremanak hasi dituzte. Poltsak, kamisetak eta metxeroak salgai jartzearekin batera, apirilean Goienkalen Sahararen autodeterminazio eskubidearen aldeko firma bilketa egingo dute. Aurten, Matienako jaietan ere txosna bat jarriko dute autofinantziaziora begira, eta maiatzaren 1ean Durangoko Landako eskolan egun osoko jaia antolatuko dute hurrengo egitarauarekin:
10:00. Irekiera
10:30-12:30. Torneoak: saskibaloia /futbola
11:30. Torneoak jolasten diren bitartean, Saharako gatazkaren sentsibilizazio ekitaldia.
12:45 Gurasoekin Gynkana.
14:00. Musika saharauiarra umeek dantza egin dezaten
15:30 Photocall
16:30 Adin guztietarako Zumba
17:30 Euskal Herriko produktuez osatutako otzararen zozketa
* Egun osoan zehar egongo diren ekintzak:
– Tailerrak (Henna, aurpegiak marraztu, etab.)
– 0-3 urte bitarteko umeentzako parkea
– Zozketarako tiketen salmenta
– Proiektua finantzatzeko artikuluen salmenta
Etiquetas: Durangaldea, Ereiten, Sahara