Asteartea,
2024ko Ekainak18

MugaKultura

loader-image
Durango
9:46 pm,
temperature icon 19°C
Humidity 96 %
Ráfagas de viento: 2 Km/h

Zerbitzu publikoen kudeaketa etikoa

Jabier Bereziartua

Jabier Bereziartua

Gizakiok ditugun oinarrizko beharrizanak asebetetzeko, izadiak emandako baliabideak, geuk garatutako hainbat sistema eta prozesuren bitartez, guztiontzat erabilgarri bihurtzen ditugu. Zerbitzu horiek gizartearen ondasun eta herri-onura dira, eta, era berean, denon eskubidea ere bai. Egoki da, hortaz, zerbitzuen kudeaketaren arduraz eta garrantziaz jabetzea.

Lan horren arduradunek guztion ongizatea dute esku tartean. Baina beraiek jabetzen al dira hortaz? Egia esan, ekintza horietan diru asko ibiltzeak interes handia pizten du gizarteko talde batzuengan, eta, dakigunez, diruak dirua erakartzen du. Hori da arazoaren sorgunea. Gizartearen baliabideen kudeatzaile ofizialak, hots, politikariak, erne ibiltzen dira dirua ekarri eta mugi dezaketen ekintzekin. Politikariak, eta, beraien gainetik, alderdi politikoak.

Eta nola jokatzen dute, bada, politikariek hainbat tokitan? Gure beharrak asetzeko lan egin beharko lukete, guztion artean ordaintzen dizkiegun soldaten truke, inongo alderdiren edo talderen mesedetan bereziki egin gabe; alabaina, sarritan, diruaren eta botere-gosearen menpekotasunaren eraginez, guztion onurarako kudeatu eta lan egin beharrean, bakoitzak berea egiten du, edozertaz baliatuz, taldekideei edo intereskideei begira.

Zer gertatzen da zerbitzu publikoekin? Politikariek askotan erabiltzen dituzte denonak eta denontzat diren zerbitzuak euren interesak bermatzeko. Alderdi guztiak dabiltza joko horietan. Negozio bihurtu dute politikagintza, eta agintea izan nahi dute negozioa indartu eta sostengatzeko. Hitz batean, zerbitzu publikoen kudeaketa diru-iturri bilakatu dute, herritarren beharrak lehenetsi ordez. Gainera, batzuek besteen aurka egiten dute, etengabe, hainbat zerbitzuren kudeaketa horretarako erabiliz. Gainera, talde bakoitzak bere bandera eragiten duten teknikariak jartzen ditu erabaki politikoak bermatzeko. Garaipenaren bila doaz, tartean herritarrok gaudela ahazten dute, eta irabazle izan beharko genukeenok gure diruaz elikatzen den borroka alderdikoiaren ikusle bilakatzen gara. Alderdikeria hutsa gure zerbitzuetan!

Ez dugu esaten modu batera edo bestera izan behar duenik, erabakiak tekniko-politikoak izan daitezela baizik, eta ez, ordea, alderdikoiak. Nola joka dezakete horrela gure beharrekin? Geuk ordaindu behar al dugu lau urteko agintaldietan asmatutako kudeaketa-sistemen arteko aldaketek eragiten duten diru-xahutzea? Ez al ditugu merezi guztion onerako lan egiten duten teknikari eta kudeatzaileak? Europako iparraldeko zenbait herrialdetan horrela ulertzen dituzte zerbitzu publikoak. Ez dute egitura eta lan-sistema goitik behera aldatzen, hauteskundeak zeinek irabazi duen.

Agintariek bertako zein kanpoko teknikari neutralen eskuetan jarri beharko lituzkete, hainbat aukera arakatuz, herritarrok behar ditugun zerbitzuen kudeaketaren diseinua, baita ardura ere. Hortik abiatuta, talde guztien artean adostu beharko lukete aukerarik egokiena, eta herriaren alde bakarrik egin.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu