Osteguna,
2024ko Abenduak12

MugaKultura

loader-image
Durango
5:21 am,
temperature icon 5°C
Humidity 97 %
Ráfagas de viento: 11 Km/h

Zer esan? Nola esan?

aitor mimenza

Aitor Mimenza

· Aitor Mimenza (Elorrio, 1991) Durango Kirol Taldeko kidea da

Zer esan? Nola esan? Sofan egotetik zapatilak janztera, eta zapatilak janztetik bakardadean kilometro asko egitera. 100 kilotik 75era, 25 kiloko motxila kentzea. Horixe da aipatutako kilometroen isla. Bakardadean egindako korrikaldi, ibilaldi zein ariketa guztiak. Horrekin batera baita hainbat norgehiagoka ere, baina xede gisa izanda beti gozatzea.

Halako batean, «merienda de los miércoles» izeneko taldean murgildu eta kirolari zein atleta apartak ezagutzeaz gain, lagun asko egiteko aukera izan nuen. Horrela, entrenamendu espezifikoagoak egin eta ilusioz gainezka erronka polit eta erakargarrien bila ibili izan naiz, beti ere, egiten dugunarekin disfrutatzen. Dena den, ez dugu ahaztu behar gozatzeko sufrimendua dagoela oinarrian eta asteazkenero entrenatzeko batzen garenean…. (bakoitzak atera ditzala bere ondorioak). Horrela hasi nintzen lasterketak egiten, modu serioagoan lehiatzen, eta nire burua gutxika-gutxika aurreraxeago ikusten. Hori bai, une oro argi izanda nondik gatozen eta zer nahi dugun.

Aurten denboraldia hasita eta forma oso onean nengoela, kotxe istripu batek geldialdi bat egitera behartu ninduen. Berriz martxa hartuta, pasadan igandean, Idiazabalgo Herri Krosera joan nintzen probatzera. Hori bai, beldurrez eta kezkaz beteta: hala ere, zer hoberik nola nagoen frogatzeko dortsal bat janztea baino?

mimenza

10,3 kilometro aurretik. Ilusioz gainezka eta egunerokotasunean egiten dudan honekin bete-betean gozatzeko helburuarekin atera nintzen. Hasieratik nirera jo nuen, nire erritmoa jarri eta aurrera egiteko esperantzarekin. Egia esan dena oso ondo joan zen eta alde izan ez genituen arren ez aurrez aurre jotzen zigun haizea, ezta Idiazabalen zehar dauden aldapak ere, oso pozik nago egindako lasterketarekin eta garaipenarekin. Idiazabalen bizitako buelta oso berezia eta motibagarria izan da.

Eta hemendik aurrera zer? Hurrengo asteburuan gustu handiz bizi ez dudan krosa korritzea tokatzen da, Sopuertan jokatuko den Euskadiko txapelketa. Bertara DKT-ko partaideak xede argi batekin goaz: iaz lortu genuen garaipena berriz ere lortzea edo, behintzat, podiumean sartzea (horrek Espainiako txapelketara joateko aukera emango baitigu).

Hortik aurrera, 10 kilometroko lasterketak edo maratoi erdi bat modu egokian prestatu eta, gero, mendira pasatuko gara; hau da, momentuan gehien betetzen gaituena egitera!

Azken finean ez gaitu inork segitzen, ez gara ihesean ibiltzen; kontrara, aske sentitzeko egiten dugu, disfrutatzeko, sufritzeko, gozatzeko. Hori bai, hau guztia ez zen posible izango pistan batzen garen guztion zorokeri sanorik gabe. Segi egurrean eta zorte handia danori!

banner mancomunidad final

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu