Astelehena,
2024ko Abenduak23

MugaKultura

loader-image
Durango
4:45 am,
temperature icon 9°C
Humidity 89 %
Ráfagas de viento: 46 Km/h

Zer ekartzen dit niri gogora Euskararen Nazioarteko Egunak?

Bixente Carrasco

Vicente Carrasco ‘Bixen’

Zer  ekartzen dit niri gogora Euskararen Nazioarteko Egunak?

Hainbat gauza. Musikatik kanpo euskara entzun nuen lehenengo aldia.

1987ko Otsaila, Laudion. Bai ba. Non eta Araban. Taberna batean, noski.

Euskararen bitartez Linton Kwesi Johnson-en musika ezagutu nuen, eta baita Fugazi-rena ere. Hainbat urte pasata, biak ala biak daude beti poltsikoan. Kasetean, CDan, mp3-an, eta orain sakelako telefonoan.

Segapotoan, alegia. Egun berean, uztaileko lanbroa, Rubén Blades, Lou Reed-en New York, eta Atxagaren Obabakoak ezagutu nuen euskarari esker.

Nire irakasleetaz akordatzen naiz gaur. Madrilen Larraitz eta Itziar.

Larraitz eta ni lagunak izan gara hogei ta piko urte. Eta Durangoko azokara joaten naizenean, beti, BETI, Itziarrekin topo egiten dut.

Bilbon, Ondarruko Ainhoa. Eta Gorka Gasteizen.

Baina aditzaren barneko logika ez nuen ikasi klasean. Taberna baten izkinean, Egin-eko orrialde batean Bittor Kapanagak irakatsi zidan.

Egin. Eragin. Eginarazi. Eraginarazi.

Azoka de Durango 2004. Bittor Kapanaga

Bittor Kapanaga Durangoko Azokan. | ARGAZKIA | Iban Gorriti

 

Ezagutu nuenean sagar bat oparitu zidan. Mota horietako esistitzen ziren hiruetako bat, esan zidan. Mendian hartu berria. Berari tokatu zitzaion euskaratzea nire testuak Hertzainak-eko diska pare batentzako. Hura ez zen lan makala hura. Baina beti pozik, jende gazte artean, farre gomutan daukat Bittor. “Euskaldunberrik berba gutxi eta berbo asko”  esaten zidan, farre. Eta ni flipata. Nik logelako horman Nor-Nori-Nork-eko taula ikaragarri hura neukan jarrita, muduko mantrarik luzeena.

Berari esker, Gaztelaren zati bateko toponimia ulertzen dut. Chiloeches, Horche, Anguita, Iruesta, Iruecha, Mochales. Korta-ri “las cortes”

deitzen diote.  Bai, Gaztelan txerriak bizi diren lekuan “las cortes”

Ez dago gauza berririk, dirudienez. Bittorren ikaslea eta laguna izan nintzen. Historio kontalari aparta. Bera izan zen Sarrionandia gartzelan bisitatu zuen azkenetako bat. Berarekin antzineko erlijioz, ortuz, politikaz ikasi nuen. Euskara gutxi ikasi nuen berarekin. Baina asko ikasi nuen euskarari buruz.

Behin, mokorra konpondu ziotenean, ospitalera bisitatzera joan nintzen. Ohean zegoen, aspertuta. Antzineko kontuekin hasi zen, baina sedatuta zeukaten, mina epeltzeko. Bere antzineko kontuak animatuta, “monaguillo” izan zenean kontatu zidan. Eta nik, oso freskoa neukala buruan “Amanece que no es poco”,  ia kanpaia jotzen bazituen askotan galdetu nion. Bittoren arreba gorri-gorria, eta Bittor faaaaaaaaarre.

Berari esker ikasi nuen gizon jakintsuak farre egiten du sarri.

Eta irakasle artean, Aulesti/Gasteizko Garazi. Garazi ezagutu nuenean berak apenas 3 urte zituen. Eta ni harro netorren nire batuarekin.

Beragaz bizkaiera ikesi neban. Ikesi bihar! Behin, bospasei urte zittuezan, beragaz berbetan saiatzen, preguntautzon:

 

– Horiek zeintzuk dire ba? (Telebistan euen batzuk)

 

– Prafumuñierf bikidxek dire. (Pausa dramatikoa) Bikiak dira.

 

Eta nik, harro ondino, esautzon:

 

– Garazi, aitzen dot.

 

– Zer?

 

– Aitzen dotala, bihotza.

 

Eta Garazik:

 

– Bai. Nozipeiñ.

Behin galdetu zuen ia euskara ez dakitenek EGA moduko azterketa bat pasa behar badute “erderi” menperatzen dutelako erakusten. Bera ikastolara batua eta gaztelaina ikastera joan zen, eta berak ezin zuen ulertu zelan ulertzen nituen bere komeriak.

Euskararen bitartez hitzen prezisioaren magia ikasi nuen. Doitasuna.

Barruko kanpotik daramazu kamiseta soinean? Hori “idulestara” esaten da.

(Formula “Bueno… guk esateogu” eta ondoren dena delakoa. Dana dalaku.) Hitza esistitzen bada, norbaitek behar zuelako. Sinonimoa ez da esistitzen. Euskara ikasteko prozesuan nire gaztelaina ez zela (inolaz ere ez) “gaztelaina batua”. Euskarak irakatsi zidan nire ama hizkuntzaren barneko logika ulertzen. Eta beste hizkuntza batzuena. Edo gutxi gora behera. Orain, oso maiz (oso maiz!) nire buruari berba egiten diodala ingelesez, eta suedierarekin borrokatzen nabilenean (momentuz suediera irabazi), zelan faltan botatzen ditudan bidean izan ditudan euskara irakasleak!

Bihar, Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, euskaraz abesten duen talderen baten kamiseta bat soinean. Arabako indabak bazkaltzeko, eta txapela buruan. Norbaitek eroan behar du txapela estilo apur batekin hiri honetan. Dinot nik.

 

*Vicente Carrasco ‘Bixen’. (Tarancón, Cuenca, 1970) ordenagailu-artzaina da eta Mekoletako katu beltz batekin bizi da Estokolmon.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu