Igandea,
2024ko Urriak13

MugaKultura

loader-image
Durango
3:12 am,
temperature icon 16°C
Humidity 97 %
Ráfagas de viento: 6 Km/h

Txiki Txikia Festibala, edo zergatik umetxoentzako antzerki festibal bat

Maider

Maider Larrañaga

· Maider Larrañaga San Agustin Kultur Guneko dinamizatzailea da 

 

“Euren neurrira egindakoa delako”, erantzun laburra, akaso bordeegia, baina bere sinpletasunean baita arrazoi borobila ere.

Teatroetako kudeatzaileok azken urteetan bi fenomeno kontrajarri eta elkarlotutakoez ohartuta gaude:

Batetik oso garrantzitsua dela umeak antzerkira etortzeko ohitura txikitatik hartzea, bibliotekara joatekoa, barazkiak jatekoa edo kirola egitekoa bezala, noizbait entzun izan dugulako txikitan hartzen diren ohiturak heldutan sendotzen direnak direla. Horregatik aspaldidanik gure programazioetan umeentzako antzerkiak leku propioa du. Hala, gaur egun hogei urte inguruko durangar asko hasten ikusi ditugu hileko 3. domekatan San Agustinetik pasatzen zirelako.

Eta bestetik, ordea, gero eta lehenago abandonatzen gaituztela, lehen hamahiru urteren bueltan, orain 7-8 urterekin. – Teknologiaren lilura eta abiada arerio handi zamarra da analogikoa bezain emozionala den gurea moduko ofizio zahar batentzat-.

Denbora honetan asko eta asko izan dira –eta dira- euren umeak teatrora ekarri dituzten gurasoak, batzuetan antzerkiarekiko zaletasun propioagatik, bestetan cool-a delako, eta besteetan euria zegoelako.

Askotan jo dute gure atea 2 urteko umeen gurasoak euren txikiak teatroratu nahian, eta askotan gu geuk esku frenoa bota. Zergatik? Ba ume txikiek ez dutelako zertan ordu beteko saioa oso osorik eta geldi- geldi  jasan behar, bizitza interesgarriegia da toki baten hain beste denboraz irauteko. Mundua kitzikagarriegia da zaratatxo bat entzun eta nondik datorren ez ikertzeko, eta elkarrizketak izaten hasten direnean, zelan esan ba isilik egoteko norbaitek berba egiten duenean?

Gainera guzti horrek ondorioak izaten ditu, izan ere gurasoak urduritzen dira, euren umetxoak besteak molestatzen dituelako, norbera urduritzean umearen ezinegonak gora egiten du, eta horrek helduarena, eta histeriaren elur bola teatroko harmailetatik behera jausten ikusten dugu, horretarako inolako beharrik ez dagoenean. Hori dena gutxi balitz teatroak umeari zirujau baten kirofanoak baino atzerakada handiagoa eragiten dio, eta, okerrena, gogo txarra burmuinean betiko iltzatuta gelditzen zaio.

Beraz, zertarako ume txikitxoei zuzendutako antzerki festibala? Ba euren neurrira eginda dagoelako. Txikitatik hartzen diren ohiturak handitan ere maitatu ahal izateko, euren neurrira egindako piezen bidez antzerkira goxo-goxo hurbiltzeko, eta dena gertu gertutik ikusi eta behatuz ondo pasatzeko, … akaso horrela hamar urte dituztenean ere gure artean ikusiko ditugu. Aste buru honetan aukera aparta gurean Txiki txikia festibalarekin.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu