Osteguna,
2024ko Abenduak26

MugaKultura

loader-image
Durango
12:48 am,
temperature icon 8°C
Humidity 98 %
Ráfagas de viento: 10 Km/h

Palestina murrizten ari zaigu

Aitor Beiobide

Aitor Beobide

“Lurra murrizten ari zaigu.
Azken paisaian gaitu metatzen
eta geure gorputz-atalak kentzen ditugu sartu ahal izateko…”

Horrela hasten da Mahmud Darwish olerkari palestinar handiaren 1986ko Lurra murrizten ari zaigu olerkia, eta egunak aurrera joan ahala tamalez konturatzen zara esanahiaren zergatiaz.  Palestinarrek bizi duten egoera hurbiletik ezagutu eta gure elkartasuna adierazteko helburuarekin, Askapena erakunde internazionalistaren bitartez, sei pertsona abiatu ginen Palestinara.

IMG_0362

ARGAZKIAK | Aitor Beobide

Horrelako elkartasun bidaien aurrekariak jakinda bikoteka banatu ginen, bikote bakoitza leku desberdin batetik abiatuz; Madril, Bartzelona, Paris abiapuntu eta helmuga bakarra: Jerusalen hiri zaharreko Hebron hostela, euskaldun ugariren topalekua. Tel Aviv-eko aireportuko galdeketa jasan ostean Jerusalenera heldu ginen taxian. Orduan heldu zitzaigun lehenengo berri txarra, gutako bik ezin izan zuten muga igaro; israeldarrak esperoan zeuden, bazekitelako Europako abokatu demokraten elkartearen izenean zihoazela. Hamabi ordu beraien eskuetan izan eta gero, Madrilera itzularazi zituzten; Welcome to Israel.

| LAUROK,  AURRERA | Iritsi ginen laurok aurrera jarraitu genuen. Hasierako egunetan Jerusalem-eko hiri zaharrean finkatu eta alde zaharra ezagutu genuen. 1967tik aurrera Jerusalem ekialdea, hiri zaharra dagoen tokia, israeldar estatuaren menpe dago. Ordutik, beraien helburua 1948. urtean Israelgo estatuan egin zuten moduan palestinarrak Jerusalem ekialdetik  kanporatzea da, gaur egun beraien etxeak botaz. Komunitate internazionalaren kontrako iritziaren aurrean, Jerusalem beraiena dala ziurtatu nahi dute.

IMG_0669

Jerusalemgo hiri zaharra turistikoa da. Lau auzotan banatuta, erdi aroko oinplanoa mantentzen du bere harresi eta kale labirintikoekin; ez dezagun ahaztu hor bertan hiru erlijio monoteista garrantzitsuenen eraikin erlijiosoak aurkitzen direla: kristauen Hilobi Santuaren eliza, judutarren Erosten harresia eta musulmanen Meskiten Zelaigunea. Mila urte atzera egin eta Ridley Scoot zuzendariaren “Zeruetako erreinu” filmeko Orlando Bloom izatea jolas genezake, baina,  baita aldi berean Orwellek oso ondo deskribatu zuen atmosfera pairatu ere, kaleetako izkina guztiak   kameraz josita daude eta polizia eta militarren presentzia itogarria da, batez ere auzo musulmandarrean.

kamarak

Jerusalemetik West Bank-era (Zisjordania) abiatu ginen, Berlingo harresia txiki uzten duen harresia igaroz. Check point-a alde batera utzi eta Ramallahan, Zisjordaniako hiruburuan, atzerritar gutxi ikus zitezkeen kaleetatik; Latinoamerikarekin konparatuz segurtasun aldetik lasai ibili daiteke kaleetatik, bai egunez bai gauez. Gu atzerritarrak ginenez, check pointak pasatzeko ez genuen izan arazo handirik; hori bai Palestinarrek egunero hainbat alditan pasatu behar izaten dituzte eta tratua ez da berdina beraiekin, animaliak bailiran tratatzen dituzte, Belengo Check Pointa horren adibide.

soldadua

Ramallahan Health Work Committees gobernuz kanpoko erakundearekin geunden geldituta; beraiek lortu ziguten hurrengo egunetarako hainbat kontaktu eta, ordutik aurrera, Zisjordanian barrena ibili ginen jende askorekin elkartuz, besteak beste  unibertsitateko ikasle elkarteekin. presoen aldeko erakundearekin (10.000 preso daude), Belen eta Nabluseko errefuxiatu eremuetakoekin, Bir Zeit PLFP herriko alkatearekin, eta gazte topagune batean parte hartzeko aukera ere izan genuen.

arafat

Gustora ibili ginen Ramallah, Belen, Jenin, Jerico, Nablus eta abarretan; 30 egunetan esperientzia ederrak elkarbanatu genituen bertoko biztanleekin. Guztiak kontatzen hasiz gero luze joko luke, beraz, hona hemen deigarriak egin zitzaizkidan hiru esperientzia.

| ERREFUXIATUEKIN | Lehena, Nabluseko Balata errefuxiatuen eremuan izandakoa. Errefuxiatu eremuak UNRWAk (United Nations Relief and Works Agency for Palestine Refugees in the Near East) kudeatzen ditu, eta eremuotan 1948ko gerran gaur eguneko Israelgo estatutik kanporatuak izan zirenak daude, milaka pertsona espazio txikian. Orduko beraien etxeetako giltzak gordetzen dituzte noizbait etxera bueltatuko direlakoan. Errefuxiatuekin egoteko aukera izan genuen, beraien etxeetan jaso gintuzten eta beraiekin hitz egiteko aukera izan genuen, istorio gogorrak. Bigarren intifadan Tzáhal-a, Israelgo ejerzitoa, Balatako eremuan tankeekin sartu zen izugarrizko sarraskia eraginez. Palestinako edozein familiatan aurki ditzakegu hildakoak edota presoak.

balata

Bigarren bizipena, Beit Sahour-eko (Belen alboan) palestinar gazteekin egoteko parada izan genuenekoa da; bertan, euskaldunez gain, katalanak, italiarrak eta greziarrak ere baziren. Egun batean, inguruko nekazari bati bere lurrak lantzen lagundu genion auzolanean, ejerzitoa etorri eta handik bota gintuzten arte. Nekazariaren lurrak kolonia baten ondoan zeuden eta gu arriskutsuak omen ginen. Zisjordaniako koloniak ikustean konturatzen zara kolonoek  ez dutela handik alde egiteko asmorik eta pixkanaka Israel handiaren proiektua eraikitzen ari direla; beraientzako alde hori Judea eta Samaria dira eta ez dituzte inondik inora galdu nahi. Egin kontu bertako kolonia asko 20.000-30.000 biztanle dituzten hiriak direla eta, beraz, Durango bat desalojatzea izango litzatekeela.

| SARE METALIKOA | Eta azkenik, Hebroneko alde zaharreko egoera. Desberdina da Palestinako beste kolonietakoekin alderatuz, kolonoak alde zaharrean bertan baitaude. Palestinarren gainean literalki. Kaleko lokalak eta etxeak palestinarrenak dira eta goiko pisuetan kolonoak bizi dira. Kalea estaltzen sare metaliko bat dago, eta bere funtzioa palestinarrak kolonoak botatzen dituzten zabor, harri eta abarrengandik babestea da.

IMGP0684

Askotan, kolonoak teilatuetatik igarotzen dira palestinarren etxeak molotov koktelekin erasotzeko. Egoera hain da jasanezina, non palestinarrak alde egiten dutela. Bertan gelditzen direnak tinko mantentzen dira; hala ere, denda asko itxita daude. Alde zaharrean Abrahamen meskita dago, bi erlijioentzako profeta izandakoa. Judutar kolonoek Hiri zaharra berenganatzea nahi dute.

3810728057_f7c4f00f5a

Palestinarren egoera lazgarria da, baina beraiek historian zehar erakutsi eta askotan esaten ziguten moduan, etxeak botatzen dizkiete baina gai dira berriro ere hauek eraikitzeko, irribarrea ez dute galdu eta aurrera egiteko indar hori barruan daukate. Gogorra da herri Palestinarra, eta esperientzia itzela izan zen herri hau ezagutzea.

| SARRIREN LIBURUA | Maiz ikusten ditut ateratako argazkiak eta bizitako momentuak oroitu. Han geundela argazkiak postaz bidaltzea erabaki genuen eta eskerrak. Bueltan, aireportuan kontrol batean gelditu ninduten, gela batera eraman eta galdeketa egin, lehergailuen kontrola egin zidaten!!!  Nire maletak miatu eta ordu batzuk egon nintzen bertan beraiekin; hegazkina ere galdu nuen eta laguna hegazkinetik atera zuten. Momentu horietan gogoratzen dut egoera asimilatu eta  lasai nengoela, Sarriren liburua hartu eta irakurtzen hasi nintzen zaindariak nere alboan nituela. Banekien etxera helduko nintzela eta, batez ere, Palestinan egoteko aukera eta bizitako momentuak ezin zizkidatela inola ere ez kendu.

Durangoko udal liburutegiak jardunaldi interesgarriak antolatu ditu egun hauetan Palestinaren inguruan, herri hau hobeto ezagutzeko aukera paregabea.

 

*Aitor Beobide (Iurreta, 1979) Historia irakaslea da

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu