Ostirala,
2024ko Apirilak19

MugaKultura

loader-image
Durango
6:54 am,
temperature icon 5°C
Humidity 98 %
Ráfagas de viento: 5 Km/h

Nozko neska ezpatadantzariak Durangaldean?

Izaskun Ellakuriaga Mugalari 6

Izaskun Ellakuriaga

Nozko neska ezpatadantzariak Durangaldean?

Ez dakit. Epe laburrean ez dot uste. Baina barrentetan dot badabilela zeozer mugitzen eta horrek esperantzaz begiratzea egiten deuste.

Horrek atzo Plateruenean Oier Araolaza alkarrizketatuta eta ostean bizi izandakoagaz atara dodazan ondorioak. Gauza interesanteak kontau ebazan dantzaria, kazetaria eta antropologoa danak. Generoa dantza tradizionaletan zan gaia eta “Berbertan” hitzaldi zikloari amaiera saioan plazaratzea egokitutakoa.

Kriskitin platillu dantza iBAN GORRITI07

Durangoko Platillu Dantza. | ARGAZKIA | Iban Gorriti

Honek dira Oierrek esandakoetatik giltzarri begitandu jatazan ideia batzuk:

  • Tradizioa prozesu aktibotzat definitu eban eta dantza gozamena.
  • Poxpolinak eta nesken dantza asko asmakizuna izan ziran, XX. Mende hasieran.
  • 60ko hamarkadan dantzak berreskuratzeko lan handia egin zan eta asko zor deutsegu horretan ibili ziranei. Eurek egindako lana ezik, nekez egongo ginake orain gaiaz berbetan. Halan da be, egungo genero ikuspegitik kontraesanean datoz hartutako erabaki batzuk.
  • Mutilak eta neskak baino dantzariak ikusi beharko geunkez.
  • Janzkera da gakoetako bat. Genero begiekin ikusten doguz. Prakak gaur egun zer dira mutilen ala nesken jantzia? (asko esaten dauan itauna)
  • Herri askotan dantza taldeetara eta herriko plazetara parekidetasuna normaltasun osoz heldu da. Lekuan lekuko soluzinoa emon deutsie, janzkerak egokituz leku askotan.
  • Aldaketarik emongo bada, barrutik gertatu behar da, aurrekoek egindako lana aitortuz baina garaietara egokitu eta egiten dan horretan sinistuz eta pauso sendoak emonda.

Ideia asko atara ziran barriketaldian. Izenburuan galdera zirikitzailea egin dot, zuek erakarri guran. Eta kontua da, Durangaldeko herri batzuetan ezpatadantzari neskak izan dirala ez urte asko dala: Abadiñoko San Trokaz jai batzuetan, Garaiko Santiagoetan edota Berrizko San Lorentzo taldearen urteurrenean dantzan egindako neskatilatxoa (argazkia erakutsi euskun saioan Oierrek).

Amaitzeko, funtsezkoak diran kontu parea aipatuko dot: ezinbestekoa da norbere herriko tradizioak zer eboluzino izan dauan ezagutzea (uste dot berbaldira hurreratu ziran asko  gauza barriak jakinda bueltau zirala etxera) eta alkar epaitzen barik alkar ulertzen ahalegin gehiago egin beharko gendukeala.

Zeozer mugitzen badabilela barrentetan dot.  Inguruan entzun dot:  “Lehen ezezkoa izango zan, orain pentsatu egingo neuke”.

* Izaskun Ellakuriaga iurretarra kazetaria da

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu