Astelehena,
2024ko Abenduak23

MugaKultura

loader-image
Durango
11:39 am,
temperature icon 10°C
Humidity 88 %
Ráfagas de viento: 37 Km/h

Neskok beldurra pasatzen dugu. Serioa da, oso

IZARO AVATAR

Izaro Andres

Ez dut sekula honi buruz idatzi, eta egia esan ez dakit nola egin inor ez dadin erasotua sentitu eta seriotasunez irakur dezaten esatera noan hau. Estatu Batuetan bizitzen egon naiz lau hilabetez, eta arrazakeria ikusi dut hurbiletik. Missouriko Unibertsitatean eraso larri bat egon zen ikasle beltzen aurka. Talde terrorista batek (eta bai, terrorista erabili dut arrazismoa terrorismoa delako) “aholkatu” zien ikasle beltzei klasera ez joateko fisikoki erasotuak izan nahi ez bazuten. Ikasle beltzak, beldurtuta, e-mailak bidaltzen hasi ziren irakasleei: “badakit azterketa daukagula… baina hau eta hau gertatzen ari da. Egin dezaket beste egun batean?”. Eta irakasleak erantzun: “bai, lasai, egingo duzu beste egun batean”.

Irakasle (zuri) horrek, ziurrenik, bere ontasunetik erantzun zion ikasle beltz horri, baina ez zen erantzun zuzena izan. Ez zen izan, “egingo duzu beste egun batean”-ek esan nahi duelako irakasle (zuri) hori unibertsitatera joateko asmotan dagoela azterketa egiteko unibertsitatera joateko pribilegioa duten ikasleei (zuriak). Parentesien erabilera kontzientea da, parentesietan doan edo ez doan hori bizitza errealean ere parentesietan doalako edo ez, eta horregatik da hain arriskutsua. Beste ikasle (zuri) batzuek argi ikusi zuten: “e, zuria izanda, kontziente naiz ditudan pribilegioez, eta ez ditut nahi! Gure ikaskideek ezin badute klasera joan beltzak direlako, ez da inor joango klasera. Are gehiago, unibertsitatea itxi egingo da!”. Hala izan zen, eta eskerrak. Ni neu ere kontziente naiz zuria izateagatik ditudan pribilegioez, eta ez ditut nahi, uko egiten diet. Horregatik egiten zaizkit hain zailak ulertzeko gizonezko askoren kolera atakeak feminismo hitzaren aurrean. Gizonezkoek pribilegioak dituzte gizon izateagatik, hori EGIA da. Pribilegio horiek izatearen kontzientzia izatea ez da matxista izatea, HELDUA izatea da. Eta pribilegio horiei uko egitea ez da hembrista (feminazi) izatea, PERTSONA izatea da. Generoen arteko berdintasuna nahi duen pertsona izatea da, feminista, susto!

Gauez etxera bakarrik goazenean beldurra pasatzen dugu. Bakarrik goazela pausoak entzuten ditugunean, beldurra pasatzen dugu, eta azkar-azkar begiratzen dugu atzera automatikoki lasaituz datorrena emakumea bada. Bakarrik goazenean mutilen lagun talde baten ondotik pasatzean, beldurra pasatzen dugu. Egun argiz edo ilunetan ez gara leku berera korrika egitera joaten, beldurra pasatzen dugulako. Giltzak atzamar tartean indarrez eramaten ditugu babes bezala, beldurra pasatzen dugulako. Egiten duguna egiten dugula, dantza egin, kantu bat konposatu, bideo bat publikatu… Badakigu jasoko ditugun erantzun guztien artean, erantzun sexualen bat ere jasoko dugula. Nire lagunak beraien etxe azpietan jasotzea suertatzen zaidanean, badakit urduri daudela errepide izkinetan bakarrik eta zain. Badakit autoan sartzean amari edo aitari idatziko diotela: “listo, autoan nago”. Beldurra pasatzen dugulako kalean. Serioa da, oso.

Gizona kalearen jabe da zakila izateagatik, eta neskok beldurra pasatzen dugu gizonen jabetza horretan. Erasotua izateko aukera etengabea daukagu sartuta buruan. Ez dakit argi geratu den: BELDURRA PASATZEN DUGU. Azkar goaz, urduri. Neska gehiegi ezagutzen ditut erasotuak izan direnak. Eta neska gehiegi ezagutzen ditut gauen etxera korrika joan direnak beldurrez. Nik neuk ere egin dut ihes. Behin beldur hori pasako bazenute, behin bakarrik, askoz hobeto ulertuko zenukete dena. Normalean, beldurra pasatzen dugu kalean eta zuek ez. Eta normaltzat hartzen dugu, baina ez da. Kalea denona da. Mutil guztiak ez dira erasotzaileak (gehienak ez dira erasotzaileak, gehienak feministak dira nahiz eta alergia dioten hitzari). Eta gu ez gara exagerada batzuk.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu