Igandea,
2024ko Abenduak01

MugaKultura

loader-image
Durango
5:31 pm,
temperature icon 17°C
Humidity 71 %
Ráfagas de viento: 6 Km/h

Leiho bat sukaldean, mesedez

JAVI RIVERO OPINION

Javi Rivero

· Javi Rivero (Billabona, 1991) sukaldaria/gastronomi zerbitzariatzat dauka bere burua: Janaria, otorduak eta hauen inguruko edozerekin lotura duenaren maitale amorratua

Hatzetara mugatzen ditugu segundoak, sukaldean, ofizinan, fabrikan… hurrengo zorion momentua noiz gertatuko zain. Beti, zain. Orduek baldintzatzen gaituzte, hori jakinda, nire sukaldeko erlojuak ogi birrinduaz erakusten dit zein ordu den. Leihoak ireki eta sukaldera igarotzeko momentua iritsi den.

Pilpil arrotzak eta eltze oihu finek, oihu egitera behartzen gaituzte, zerbitzuetan, sukaldean lanean ari garenean noski, baina ez gaizki ulertu, ez gaude haserre. Maite dugu elkar eta maite dugu egiten duguna, ahazten zaigula badirudi ere. Ordu pare batean errespetua faltako diogu elkarri, irainduko dugu ondokoa, baina zerbitzua bukatu bezain pronto, lagunik ederrena alboan da berriz. Serio, tente, arrotz egiten dugulako lan, abeslari batek erraietatik kantatzen duenean bezala. Daukaguna platerera igarotzeko asmotan beti… batzuetan ondo eta besteetan ez horrenbeste.

Perfekzioaren bila bizi gara, produktuan, sukatze puntuan, zaporeen armonian… beti hobetu nahian. Honek erretzen gaitu maiz.

Konturatu naiz aspalditik, ordea, zein garrantzizkoa den hau dena erakustea; esfortzua, isuritako izerdi guztia, produktuen bila egindako bidaia luzeak… Plater soil bat aurrean izatea, gaur egun, inolako informazio gehiagorik jaso gabe, plater huts bat aurrean izatea bilakatu da.

Moda itxura izan dezake, baina honen guztiaren atzean dagoen plazaratzea oso gutxitan gertatzen den zerbait da, ondo egina behintzat. Eta honen ardura platera sukaldetik mahaira daraman pertsonarena da. Baina… zer gertatzen da okerreko informazioa ematearen beldurrak ixiltzera garamatzanean? Bezeroak, eskatu duen xerra, zein behi edo txekor zatikoa den galdetzen du konfiantza falta erakutsiz.

Eta lokaleko sukaldariak, negozioaren jabe dena, berriz, ez daki erantzuna, berak, izozturik erosten ditu bere ustez, prezio/kalitate onekoak direnak. Inungo intentzio txarrik gabe, bere negozioak plater konbinatuak eta bokatak ematen dituenez, bezeroarentzat prezio erakargarriak lortzeko.

Bezeroak erantzunik ez jaso eta lokalak kritika negatibo berria jaso du Tripadvisor webgunean: “Lokal honetan ez dakite zein haragi zerbitzatzen duten”. Horrelakoen aurrean neurtzen ikasteko premia dugu. Ez da berdina, asetuko zaituen 4 euroko otarteko bat edo 25 euroko asteburuko menua. Eta zer esanik ez buruko 80 eurotik gora ordaintzera goazenean… Atzean dauden historia edo istorioak ezagutzea zein garrantzizkoa den, badirudi, Michelin izarrak dituztenek soilik dutela sekulako historia atzetik, denek aipatzen dituzte beren amonen sukaldeak, platerak etab… Badirudi jakintza horrek justifikatzen duela
neurri batean ordainduko duguna.

“Ez al dauka amonik aurreko lokaleko nagusiak?” bere historia ez zaigu inporta, ez duelako oihartzunik sareetan, ez digulako 80€ko jatetxe batek ematen digun estatus soziala emango… ez zaizkigu inporta beren historiak baina denek ematen digute jaten, denek eskeintzen digute momentu batez, dena utzi eta zapore goxo bat berpizteko aukera. Ez ditugu berdin baloratuko, ordea, zorion momentu horri, denborari, prezioa jartzen diogulako. Geure jarrerak salatzen gaitu.

Etiketak kendu eta erlojua hausteko gogoa dut aspalditik. Ez dut zein ordu den jakin nahi, denbora sentitzen ez dudan une horretan aurkitu baitut nire momentua, besteon zoriontasunean. Hori sekula ez ahanzteko, bezeroak eta ni elkar ikusteko soilik behar dut leiho bat sukaldean.

Publizitatea 

Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoa

banner mancomunidad final

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu