‘La Manada’: Epaileek ukatutako egia
Maria González Gorosarri
· EHUko irakaslea
Iruñako auzitegiak 2016ko Sanferminetan andra bati eraso egin zioten bost zigortuak aske utzi berri ditu. Horretarako, Foru Poliziak haien sakeleko telefonoetetako whatsapp mezuak arakatu zituelako eta haiek eraso bakarraren bideoak soilik eman zituztela argudiatu dute erasotzaileek. Foru Poliziari ez zioten ezetz esan… orain, ordea, ezezkorik gabeko jarduera bat legez kanpokoa izan daitekeela diote.
Iruñako epaileek sinesgarritasuna legez ebatzi dute. Estatuaren erakunde batek (Foru Poliziak) bi erasoren probak topatzea baztertu gura dute eta, aldiz, salatzailearen bizimoduari buruzko txostena balioztatu. Zigortutako bostek ez dute depresiorik izan, “errugabe” espetxean bi urte eman arren. Beraz, detektibearen txostenak egiaztatuko lukeen moduan, argi eta garbi bost zigortuak erasotzaileak dira. Epaileek sinesgarritasuna alboratu dute. Bost erasotzaileen deklarazioei erreparatuta, ageriko gezurrak topa daitezke:
- Bost zigortuek deklaratu zuten “buruan itsatsita” gelditu zaiela salatzaileak “yo puedo con dos y con cinco” esan izana. Salaketan bortxatzaileak lau zirela esan zuen. Ez zituen zenbatu!
- Sexua izateko hotel bila ei zihoazen, autora joan beharrean. Tira, talde-sexua ei zen eta hogei minutu ere ez zituen iraun!
- Boza-k salatzaileari musua eman zionean, Cabezuelo militarrak eta Guerrero guardia zibilak -bakoitzak bestearena entzun barik- txantxa bat egin izana deklaratu zuten… txantxa bera!
- Bideoak grabatu zituzten, baina agerikoena eta luzeena ezabatu zutela aipatu ere ez dute egin.
- Andreak salatu zituela esan zuten, bera barik parrandan jarraitu gura izan zutelako. Bere hitzak errepikatu zituzten: “quiero irme fiesta con ustedes”. Madrilgo batek “vosotros” esango zukeen!
- Erasoa eta gero, Prenda, Boza eta Escudero ile-apaintzailea lotara joan ziren. Hori bai parranda!
- Andreon sexuarekiko jarrera: Prenda-ren deklarazioa, ipurdi bidezko sexuaz eta musu beltzaz hitz egin ondoren, “le masajeé, perdón por la palabra, el clítoris”; Boza-k, bere deklarazioan: “Prenda le hizo una felación a la denunciante”; Guerrero guardia zibilak andreari galdera bat ezin izana deklaratu zuen epaiketan: “¿Has eyaculado ya?”. Den-dena, esan bezala, hogei minutuan!
Aldiz, salatzaileak erasotzaileak identifikatu zituen eta erasoaren gakoa azaldu zuen: erasotzaileen kolonia usain gogorra. Zigortuak txupinazotik kalean parrandan zebiltzan, edaten, dantzan, Facebook-erako argazkiak egiten, Guardia Zibilak komun batean sexua izan zuen… Hau da, goizaldeko 03:00etan andreari eraso egin ziotenean, zegoeneko hamabost ordu parrandan eman zituzten. Ez da kolonia. Iruñako Udalaren abokatuak popper-ragatik galdetu zuenean, bost zigortuak aske utzi dituen auzitegiak galdera ukatu zuen: ez dago horren probarik, popperrak probarik uzten ez duelako eta whatsapp mezuak alboratzea erabaki zutelako. Pozoblancoren antzera. Irudietan, ordea, kontzientzia bako gorpua ikusten da. Iruñako salatzaileak ez du ezer gogoratzen. Eta atxilotzean, Guerrero guardia zibilak Foru Poliziari azpimarratu zion salatzaileak ez zuela bortxaketaren zantzu fisikorik. Horrenbestez, probetan berresten den deklarazio bakarra salatzailearena da.
Beraz, Iruñako auzitegiak ez du egia ikertu. Are gehiago, ez du erasorik ikusi. Alderantziz, bost zigortuek bortxatu izana “sexu-gehiegikeritzat” jo du. Espainiako Zigor Kodearentzat, gehiegikeria drogatuta edo lo gaudenean eraso egiten digutenean da, kontziente ez gaudenez, mina txikiagoa dela ulertzen duelako Estatuak. Ondorioz, zigorra ere txikiagoa da. Horren txikia izanda, zigortuak aske ere utzi ditu Iruñako auzitegiak. Erasotzaileak kaleratzearekin pozik nago, horrela gutariko norbaitek jipoitu ahal izango dituelako.