Asteazkena,
2024ko Abenduak11

MugaKultura

loader-image
Durango
2:52 pm,
temperature icon 8°C
Humidity 81 %
Ráfagas de viento: 7 Km/h

Kurdoen desioa bete dadila

Idoia Buruaga

Idoia Buruaga Barcena

· Idoia Buruaga Barcena Elorrioko alkatea da

Ostegun arratsaldean, San Agustineko Eroskin, kamioi baten barruan jendea bizirik agertu dela esateko deitzen  naute. Hiru pertsona heldu eta lau ume dira. Hotzez eta gosez. Durangoko Ertzain etxera eraman dituzte.

Baina ez dira gaizkileak, ez. Kurduak direla esan didate. Urte luzez zapaldutako herria da Kurdistan, oraindik estaturik ez duen nazio zapaldua. Iraniarrek, irakiarrek, turkiarrek, eta baita europarrok txikitu ditugu kurduak.

Michell Allison datorkit burura. Michell, Kurdistango kongresuko emakumeen bozeramailea da eta Durangon egin zitzaion harreran egoteko ohorea izan nuen. Berak esandakoak gogoan ditudan bakoitzean, zirrara gogor batek gorputz osoa zeharkatzen nau.

Gutako norbaitek jarri nahi al du pertsona hauen egoeran? Elorrio utzi eta ezagutzen ez dugun etorkizun iluneko bidaia batean murgiltzeko prest. Desesperazioa zein tamainakoa litzateke horrelako zerbait egiteko?

Eta pentsatu, une honetan milaka familia dabiltzala Europan zehar bueltaka, negu gorrian, hotzez, gosez, noraezean, ez dakitela nola joan. Desio duten Europara sartu nahian dabiltza gehienak. Ateak ixten dizkien Europa horretara, atxilotu eta deportatzen dituena, muga zatar batean konfinatzen dituena. Gure Europara.

Ez dakit zein izango den zazpi kurdu hauen desioa, hemen gelditu nahi ote duten edo beste nonbaitera joan. Esan nahi diet Elorrion besoak zabalik ditugula, gure etxea zabalik dutela, elorrioarren eskuzabaltasuna eta elkartasunaren jabe naizelako. Esan nahi diet ere, Euskal Herria harrera herria dela, gure aiton-amonek asko “bidaiatu” behar izan zutelako.

Horregatik espero dut erabakia hartuta, euren desioa bete dadin eta ahoa justiziaz eta eskubideez hitz egiten duten horien atzaparretatik ihes egin ahal izatea.

Kontu honek, askotarako ematen duen arren, hurrengorako utziko ditut.

Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiet, CEAR elkarteari, Gurutze Gorriari, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformari, osasun zentro eta gizarte langileei besteak beste, gurera gerturatu diren errefuxiatu hauen bide lagun izan eta babesa ematearren. Gu bide horretan aurkitu gaituzte. Eta nola ez, berriz ere, gure babes eta elkartasun osoa helarazi nahi diegu.

Infernutik ihesean, hemen deabruarekin topo ez egitea espero dut.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu