Igandea,
2024ko Azaroak24

MugaKultura

loader-image
Durango
11:39 am,
temperature icon 17°C
Humidity 69 %
Ráfagas de viento: 57 Km/h

KATALUNIAKO AFERA · Eta euskal isiltasunaren ondorioak?

Eneko Egibar Artola

Eneko Egibar Artola

· Eneko Egibar Artola albaitaria eta politologoa da

 

Agian, Kataluniako herriak Bruselan abenduaren 7an egin behar duen manifestazioan egotea dagokio Euskal Herriari. Agian, gure aldarrikapena berearekin batera aldarrikatzea dagokigu.

Agian, aurten Gabonetan Euskadi-Katalunia partida ospatuko beharko litzateke Bruselako Heysel estadioan… Agian.

Agian, gizarte legez postrauma antzekoa jasaten ari gara eta kostatzen ari zaigu momentu berezi hauetan erreakzionatzea…

Ez, ez da normala gizarte demokratikoetan politikariak, ideiak babestearren espetxeetan sartzea (are gutxiago gehiengo sozial batenak direnean)… Eta euskal gizartean ere ez da normala izan, bakearen alde eginiko lanarengatik politikariak eta gizarte eragileak atxilotu eta horrenbeste urtetan espetxean edukitzea. Ez da normala ere ez –politika ofiziala analizatuz gero–, denak betiko moduan jardutea eta halako gaien aurrean erakundeetan isiltasun ekintzaile aktibo bat ikustea. Gauza ez-normal asko normaltzat jotzen direnean, etorkizunean gizarte legez, seguruenik, ez-normal eta ez-natural izango diren jarrerak eta jokaerak ikusiko baititugu. Gaur egungo Euskal Herriko gizarte eta instituzioak, horren adibide.

Biolentziaren erabilerak gizartean eduki zuen isiltasunak, trauma eta ondorio latzak eragin ditu gizartean gerora. Baina, berdin, ekintza antidemokratiko eta injustu baten aurrean ofizialtasunetik ikusten ari garen isiltasunak gizarte ez-orekatu eta ez-koherente batera garamatza. Gizartearen zati handi bati bizkarra ematen ari baikara eta kasu honetan, gainera, gizarteari begirako isiltasun instituzional aldebakarrekoa normaltzat ari gara ikusten. Bai, horrek bakea eta lasaitasuna ekar dezake momentuan, baina etorkizunari begira, gizarte eta herri gisa norabide gabezia ekar dezake; eta pertsona edo herri bezala bizitzan aurrera egiteko helbururik ez edukitzea izango litzateke egin genezaken akatsik handiena. Bizitzan ilusioa eta bizipoza galtzeko modu egokiena horixe baita, helbururik ez edukitzea.

1936-1937 urteetan Eusko Jaurlaritzak, garairik latzenean eta atzerritik, euskal futbol selekzioa, Eresoinka abesbatza… jarri zituen abian. Agian, bazekien estatu gabeko nazioek arnasa nondik hartu behar zuten. Aitzitik, gaur egungo txanpon-hotsek eta kupoaren aldarrikapen hutsek, ez diote inondik inora mesederik egiten euskaldunok bizirik irauteko derrigorrezkoa dugun arnas aparatuari. Zeren, adibidez, Euskal Autonomia Erkidegoak estatuaren esku dauden konpetentziengatik kupoaren bidez ordainketa egiteko unean, bai ejertzitoa, bai Renfe… ordaintzen baititu. Baina, baita, adibidez, kirolen federazioak estatuaren esku edukitzearren egin behar diren ordainketak ere. Estatuaren konpetentzia baita kirol federazioen kudeaketa guztia. Ondorioz, agian, kupo handiago eta hobe batekin herri gisa irauteko derrigorrezkoa dugun arnas aparatuari oztopoak ipintzen egon gaitezke. Onartzen ari baikara konpetentzia hori estatuarena dela. Katalunian kuporik gabe, futbol-zelaiak betetzen joan dira azken urte hauetan; Euskal Herrian, aldiz, kupo eta guzti, estadioak husten joan dira. Zer pentsatua ematen du, ezta?

Agian, euskal politikagintzan alor honetan dagoen inkoherentzia iraunkor hau, arrazoi izan daiteke Euskal Herrian Gabonetan ospatzen diren futbol partida horietan urtetik urtera futbol zelaietara lagun gutxiago joatea. 30 urte baino gehiago, urte asko baitira urteroko intentzio berdinak agertzen egoteko. Eta kontuan eduki behar dugu, gizartea, beti, politikarien aurretik doala, printzipioz, askeagoa delako. Eta ondorioz, agian aspalditik gizarteak partida horiek Olentzeroren etorrera legez ikusten ditu: intentzio eta borondate egunak. Noski, Olentzero, gehienbat haurrengana jaisten da menditik, baina gizartea orokorrean beste gauza bat da, ala ez?

Agian, Katalunia euskal gizartea normaltasunerako bidean ipiniko duen tratamendua izan daiteke. Katalanek, diagnostikoan asmatu dute behintzat: estatu gabeko nazioen arazoa zein den agerian utzi baitute. Nire iritzian, momentu guztiak ez dira berdinak, ez bizitzan, ez politikan, eta une hauek agian ez dira egokienak, adibidez, bake-prozesuari buruz aritzeko eta agian ere ez Gure Eskuren Gasteizko eta Donostiako kontsulten inguruko antolamenduei buruz aritzeko. Nire ustez, euskal bake-prozesuari eta Gure Eskuri babesa emateko modurik egokiena Katalunian abiatu den prozesuari babesa ematea baita. Bake-prozesuaren eta Gure Eskuren zergatiak Katalunian gertatzen ari den guztiak atxikita baititu. Ez dut uste ere ez, kasurako, “erlijioa aitzakiatzat hartzen duen nazioarteko terrorismoaren aurrean jarduera planak” aurkezteko uneak direnik. Helburuak daudenean, lehentasunak markatu behar baitira. Eta momentu hauetan lehentasunak horiek badira, zeintzuk izango ote dira helburuak? Helburuak batzuk edo besteak izan, Ellakuria jesuita eta filosofoak, erail zuten urtean, honakoa esan zuen: “ez dago gizatasunik solidaritate partekaturik ez badago”. Lehentasun ederra eta sakona nazio batek beste bati eskaintzeko, ala ez?

 

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu