Astelehena,
2024ko Azaroak25

MugaKultura

loader-image
Durango
5:46 am,
temperature icon 17°C
Humidity 70 %
Ráfagas de viento: 18 Km/h

Jolastokiak Durangon: Bada sasoia zerbait egiteko, guraso, egingo al dugu?

Nadia Arkarazo

Nadia Arkarazo

“Haurrentzako jolastokiak, toki bereiztu eta espezializatua, erabat berdinak dira gure hiri guztietan eta baita mundo guztian ere; beraien helburua ez da haurren desiaok asetzea, gurasoen ardurei erantzutea baizik. Hau guztia egiteko, proiektugileak ez ditu jolas-guneak zeintzuk izango diren bakarrik zehazten, harrokeria handi, haurrak zer nolako jolasak egin ahalko dituen ere erabakitzen du”

FrancescoTonucci.

 

Aurreko astean gure inguruko aldizkari eta egunkari guztietan irakur ahal izan genuen Durangoko jolastoki bitan aterpea jarriko zutela eta gainera 10.000 euro erabiliko zituztela beste jolastokiak konpontzeko. Berri ona, zalantzarik gabe. Zorionak hori bultzatu duten guztioi eta bereziki Alaitzi. Zabalarra eta Landako eskoletako jolasguneak aterpean jartzea ere, ideia ona, asteburutan zabaltzen badituzte bederen. Baina berria irakurri ondoren, zalantzaz bete zait burua eta denokin partekatu nahiko nituzke.

Goian dagoen esaldia FrancescoTonucciren Haurren hiria liburutik atera dut. Benetan liburu interesgarria, bereziki gomendatuko nieke udal kudeaketan ari dienei. Bertan, labur esanda, hiriak 40 urteko gizonezko langileentzako pentsaturik daudela eta haurrak ahaztu ditugula adierazten da. Horrez gain, haurren jolaslekuen inguruko hausnarketa sakona egiten du eta haurrentzako pentsatutako hiri bat denontzako hobea den hiri bihurtzen dela.

Haurren jolastokiak denak berdinak izateaz gain eta helduen beharretara diseinaturik egoteaz gain, kontzentrazio kanpo baten itxura dutela esaten du. Eta hala da, gure herriko edozein jolaslekura joanez gero eta kanpo begirada batetik ikusita, laster ikusiko dugu umeentzako espazioa hezi batez mugatua, ingurua bigilantez (helduz) beterik eta aginduak bata bestearen atzetik; ez igo horra, jaitsi hortik, min hartuko duzu, zikinduko zara,…

Eta hemen nire zalantzak: Benetan haurren beharrei erantzuteko sortzen ditugu espazio hauek? Hirigintzako arduradunek gai honen inguruan jantzita daude? Honetaz dakitenei galdetu diete diseinatzerako orduan? Eskoletako arduradurengana jo al dute? Gurasoengana jo al dute? Eta agian logikoena edo ilogikoena, haurrei galdetu al diegu zer nahi duten?

Gure herrian badira gai honen inguruan hausnartzen ari diren erakunde eta herriak. Herri hezitzailea eskola herritarra mugimenduaren azpian herri desberdinez gain, topagunea, irrien lagunak edo Txatxilipurdi bezalako elkarteak daude.

Haurren hirian proposatzen den ildoa jarraituz, haurren parte-hartzea bultzatu nahi dute herriko erabakietan. Eta parkeak bizitzeko modu berriak liburuxka ere argitaratu dute. Bertan, beste jolasgune batzuk proposatzen dituzte. Naturari lotuagoak, harea, lurra, harriak, ura bezalako elementuak aldarrikatzen dituzte baita ere, haurraren irudimena bultzatuko dituzten elementuak.

Eta Durangon zer?

Durangoko jolas guneei erreparatzen badiegu, hasieran aipaturiko ezaugarriak bete betean aurkituko ditugu. Oso antzekoak diren jolas guneak ditugu herrian. Gomazko lur “arriskutsu”a denetan, antzeko txintxaunak eta hezi bat ardiak eskapatu ez daitezen. Beste eredu bateko jolastokiak bultzatzeko aukera eduki beharko genukeela uste dut. Denon parte hartzea bilatu beharko luke udalak horrelako gaietan. Agian gurasoen batzorde bat sortu beharko genuke Durangon horrelako gaiak jorratzeko eta gure herriko haurren alde lan egiteko, dena udalaren kontura uztea ere ez baita kontua. Zergaitik ez ditugu ba gurasoek antolatuko tailerrak haurrentzako edo zaintzak jolasgune konkretu batean edo formakuntzak edo ekintza desberdinak. Badaude adibideak inguruko eskualdeetan.

Gurasoak batez ere negu inguruan eta euria egiten duenean nora ezean ibiltzen gara gure seme-alabekin. Jolastokietan aterpea jartzea ideia ona, baina ez al dugu Durangon aterpe eder bat umeak arineketan, patinetean edo beraiek nahi dutena egin ahal izateko? Adinekoak paseoan ibili daitezen gune ederra ere izan daitekeena, Landako gunea alegia. Utzik dagoenean zergatik ezin dugu erabili Andra Mariko elizpea erabiltzen dugun bezala? Ze arrisku ikusten da?

Badago gai honen inguruan lana gure herrian. Sarri, gurasoen arteko eztabaidak horren inguruan izaten dira baina bere horretan geratzen da dena, ez daukagu gauzak eraldatzeko borondaterik ezta biderik ere ez. Bada sasoia zerbait egiteko, guraso, egingo al dugu?

 

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu