Astelehena,
2026ko Uztailak20

MugaKultura

[location-weather id="91313"]

Haizeak dakarrenetik, ekarri duenera

 

GAIZKA PEÑAFIEL

Aurreko larunbatean Haizeak dakarrena ikuskizuna aurkeztu genuen Elorrioko Musika Eskolakook, ikasturte osoan zehar eraikitzen eta ehuntzen ibili garen egitasmoa.

Kultura askotan haizea mezularia dela esaten da; inork igaro ez dituen bideak transitatzen dituena, gure begiek ikusi ez dituzten lekuetatik albisteak dakartzana. Begirunez eta zintzotasunez hurbildu ginen jaso diren hainbat gertaeretara; Roberen heriotzera, Gazako genozidiora, Maravillas erail zutela 90 urte pasa direla… Haizearen inguruan osatu genuen ikuskizuna eta primeran joan zen dena. Hitz ederrak jaso ditugu bertan egon ziren askoren partez eta badakigu hunkigarria izan zela askorentzat. Eszenatoki barruan ere sekulako energia sentitu genuen momentu batzutan. Izan ere, gonbidatu paregabeak izan genituen gurekin; Danel Arteaga, Xagu, EtxE eta Erika Lagoma. Ekarpen itzelak egin zituzten eta garrantzitsuena, bihotzetik sortuak. Hori gutxi balitz, Taline Elkarte Humanitarioaren bitartez asmo solidarioa eman genion ikuskizunari eta bertaratu ziren 300 pertsonei esker laguntza ufada ederra bidali ahalko dugu datozen egunetan Khan Youniseko errefuxiatu-esparrura.

AGAZKIA · ASIER OLAZAR

Ekitaldietan apenas egoten da denbora sozializateko eta ‘piña’ egiteko eta horregatik aspalditik genbiltzan musika eskolan egunpasa bat antolatzeko gogoarekin. Aurten baldintzak eman dira eta lortu dugu. Haizeak olatuak ere sortzen laguntzen duenez, goizean surf egitera joan ginen ‘Besaide Band’eko ikasle gazteekin. Izugarri ondo pasa zuten Ipar Surf Eskolakoei esker. Eskolako gurasoek prestatu ziguten bazkariarekin energia berreskuratu, Mario Kart-ekin barre batzuk bota eta holaxe borobildu genuen eguna.

AGAZKIA · ASIER OLAZAR

Mende laurdena betetzen dut aurten trikitixa klaseak ematen hasi nintzenetik. 16 urte besterik ez zituen gazte harek ez luke inoiz imaginatuko 25 urte geroago hemen egongo zenik. Zalantzak ditut tarteka, buruhausteak, lan karga handiak eragindako nekea ere… baina larunbatean sentitutakoak erakusten dit hau dela nere bidea. Harro nago izan nituen eta gaur egun inguratzen nauten ikasleetaz, naizenaren zati handi bat zor baitiet.

Ekar ditzala haizeak horrelako esperientzia gogoangarri gehiago etorkizunean.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu