Asteazkena,
2024ko Azaroak27

MugaKultura

loader-image
Durango
6:50 am,
temperature icon 7°C
Humidity 91 %
Ráfagas de viento: 13 Km/h

Gizartearen ezina emakumearen ekinez egina

Edrutzeta Ania

Edurtzeta Ania

· Edurtzeta Ania (Durango, 1981) irakaslea eta panderujolea da

Non ote daude gure aspaldiko lagunak

Gu baino lehen sortutako panderujole onak

Non ote daude gure aspaldiko lagunak

Kantuz bizi izanda gero kantuz joan zirenak.

Non ote da garaiko arauak hautsiz gizarteak debekatua zion lekua bereganatu zuen emakume hura? Gainontzekoek esango zutenari jaramonik egin ez eta aurrera begira jarri zena?

Gaur egun hainbat eta hainbat gara mendeetan debekatua izan dugun berdintasunaren eta eskubideen alde borrokatzen garen emakumeak. Batzuengan oraindik ere ezinegona sortuz eta beste batzuen kritiken menpe jarriz. Baina zer erantzungo liguke aurreko mendeko emakume batek gizartean zuen lekuaz galdetuz gero? Ziurrenik jornalari, etxekoandre, inude edo horrelakoetan bizitako hainbat pasarte kontatuko lizkiguke, baina beti ere, etxe inguruko gertakariak, etxetik kanpokoa debekatua baitzeukan.

IMG-20180530-WA0038

Edurtzeta Ania eta Nati Bilbao durangarrak Bilbon. ARGAZKIA. Ritxi Mata

Hau guztia dela eta, protagonistaren papera soilik gizonezkoak bete zezakeen garai hartan, ez zaigu ulertzea zaila egiten emakumea musikaren mundutik ere baztertu izana.  Aingeru Berguicesek (musikologo eta musika herrikoian espezializatutako historiagilea) emakume panderujoleei buruz egindako ikerketa lanean azaltzen den moduan, garaiko emakumeek debekatua zuten, besteak beste, airezko instrumentuak jotzea. Izan ere, horretarako bularra pustu eta hustuz bularraldea mugitzera behartuak ziren eta hau garaiko pentsamoldearekin ezinezkoa zen. Emakumearen anatomiaren zati hau lotua eta begien bistatik urrun gelditu behar baitzen.

Horrelako beste hainbeste aitzakia inozo (gaur egungo gizartearentzat) aintzat hartuta gizarte patriarkatuak emakumea jendarte sozial eta kulturaletik urrundu eta etxeko lau hormen artera erretiratzera behartzen zuen. Baina kasu guztietan legez, honetan ere bada salbuespena, emakume panderujolea!

Garaiko pentsamoldearen kontra plazara irten eta bizi zuen gizartea kritikatu eta ironia eta satiraren bidez egunerokotasuneko kontuak jakitera ematen zituen, behin baino gehiagotan auzokokideak ere lotsagorrituz: jornalariei taxuz ordaintzen ez zieten jauntxoen kontuak edo emaztea gaizki tratatzen zuen aldamenekoari buruzkoak plazaratuz; emakume ausartak, garaiko arauak apurtuz gizartean leku bat bereganatu eta ekintza feministarako baliatu zutenak.

Gure bihotzak badaki gure eskuak ere bai

Lehengoak nor ziren eta noraino genituen gai

Gure bihotzak badaki gure eskuak ere bai.

Zenbat jende jarri zuten dantza egiten alai.

Irakasle eta bi neskatilen ama moduan ikusi ahal izan dut gure gizartean oso argi dugula gure seme alaben etorkizuna nolakoa izatea nahi dugun, nolako giroan mugitu edo zer nolako pertsonak eraiki nahi ditugun, sarritan ahaztuz beraien esku baino ez dagoela bide zuzena edo okerra hartzea. Gure lana beraz, etorkizunarengaitik obsesionatzeari utzi eta nondik gatozen erakustea da, gure haurrek jakin dezatela beraien inguru hurbila irauli zuten emakume horien ondorengoak garela eta beraien lana ez dela etorkizunean ere errez ahaztuko.

Pandarujole, baina batez ere emakume naizen aldetik, nire eskerrik beroenak emakume alai, kementsu,  baina batez ere ausart guzti haiei!

Ez dut ikusten inon haien oroigarririk,

ez dago haien izena daraman plazarik.

Ez dut ikusten inon haien oroigarririk

Eskerrak gure bihotzak ez dauzkan ahazturik

Aupa zuek!

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu