Ostirala,
2024ko Urriak11

MugaKultura

loader-image
Durango
12:45 pm,
temperature icon 19°C
Humidity 44 %
Ráfagas de viento: 21 Km/h

Gerturatu aurten ere Durangoko Azokara, modu digitalean bada ere

 ima
Ima Garrastatxu

· Durangoko alkatea

 

Guztiok ondo dakigu zein egoeratan gauden. Guztiok dakigu zer suposatzen duen Covid-ak gure artean jarraitzeak eta zein ondorio dituen bizitzaren esparru ezberdinetan.   

 

Adibidez, aste honetan Durangon San Faustoak ospatuko beharko genituzke, eta, arduraz, jaiak bertan behera uztea erabaki dugu.

 

Durangoko Azokak ere, modu arduratsu batean, bere betiko jarduna birplanteatzea erabaki du. Dena den, aurrera darrai, eta Durangoko herritarren ordezkari bezala eskerrak eman nahi dizkizuet egindako lan guztiagatik, badakidalako erabakia hartzea ez dela batere erraza izan.

 

Halere, Kulturgintzaren inguruan bi mezu eman nahiko nituzke:

1/ Pasa den astean izan genuen guztiok Plateruenaren zikloaren bukaeraren berri. Covid-ak kultur esparruan, industrian zein jardueran, izaten ari den eragina aztertzea derrigorrezkoa iruditzen zaigu.

Horregatik, Durangoko alkate bezala, deialdia egin nahiko nieke Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari, elkarlanean aritu eta urratsak eman ditzaten eta ditzagun Kultura berpizteko. Uda honetan 40 kultur ekitaldi izan ditugu Durangon, asko eta asko hemen, Plateruenan bertan. Udazkenean ere Landako Gunea kultur ekitaldiz bêteko dugu. Aurreko asteburuan, adibidez, bost kultur ikuskizun izan genituen hemen alboan. Durangoko alkate bezala, argi daukat kultura babestu behar dugula, Kultura delako herri bat bizirik mantentzeko gakoetako bat.

 

Izan ere, Kultura plazerra, nortasuna eta heziketaz gainera, enplegua, ekonomia eta autoestimua ere bada. Bestelako industrietara laguntzak bideratzen diren bezala, euskal kulturara ere, behar eta merezi duten laguntzak bideratu behar dira. Izan ere, jaun-andreok: Kulturarik gabe, ez gara.

 

Plateruenaren kasuaren harira, hausnarketa fase bat irekiko genuela iragarri genuen pasa den astean Udaletik. Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari gonbidapena luzatu nahiko genieke, eskuzabaltasunez gure bidelagun izan daitezen lanketa honetan.

2/ Eta bigarren ideia bat: Iaz, Durangoko Azokaren aurkezpenean, honakoa nioen:

“Kultura bidaia bat da.

         Bidaia bat zure barrura, bidaia bat beste pertsona batzuen bizitzetara. Bidaia bat beste kultura, bizitzeko modu, izateko era eta lekuetara.

         Kultura gatazka bat da, zu eta bestearen artean kokatzen zaituelako: idatzitakoa irakurtzen, adibidez.

        

Une eta egoera berezi honetan, kulturak gure egunerokoan duen lekuaz ere hausnartu nahiko nuke. Garai konplexuak bizi ditugu: kezka asko ditugu bizitzaren esparru askotan.

 

Liburu bat eta disko bat, jakintzarako tresnaz gain, gure babeslekuak dira, guztia zalantzan ikusten dugun momentu hauetan. Kulturak, hezteaz gainera, babestu egiten gaitu, aterpe ematen digu. Garai zail hauetan, kontsolamendua, poza, memoria eta itxaropena eskaintzen dizkigu.

Aurten presentzialki ezingo dugu Durangoko Azokaz gozatu. baina kultura hor izango dugu, eskuragarri, gu denok babesten.

 

Alde horretatik, Durangoko Azokak erreferentzia izaten jarraituko du, digitalki bada ere. Eskerrak eman nahi dizkiet Gerediagari eta hau posible egiten duten gainerako agente guztiei. 55 urte hauetan edozein egoeratara adaptatzen jakin izan duzue, eta aurtengoa horren adibide da.

 

Eskerrik asko, baldintzarik zailenetan ere, kulturaren aldeko apustua egin eta azokari irtenbidea emateagatik. Momentu zailak dira denontzat, eta zuen eskuetan zeneukaten irtenbiderik onena bilatu duzue.

 

Beraz, bukatzeko: bi eskaera eta lan egiteko irizpide:

1/ Kulturak jarrai dezala babes eta aterpe izaten. Are gehiago baldintza hauetan.

2/ Hau bultzatzea dagokigunoi, aritu gaitezela elkarlanean, kultura eta bere beharrizanak erdigunera ekartzeko. Bai Durangon eta baita Euskal Herri osoan ere, mantendu dezagun bizirik Kulturaren Taupada

 

Bukatzeko, iaz Durangora etortzeko gonbidapenarekin bukatu nuen. Gaur ere horrela egingo dut: Gerturatu aurten ere Azokara, modu digitalean bada ere.

 

 

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu